Getxoko Udala 1996az geroztik ari da bultzatzen Oporrak Bakean kanpaina eta, une hauetan, Sahararen aldeko Atfal elkarteak eramaten ari da aurrera, 1999an sinatutako hitzarmenari esker. Iaz 12 mutil eta 4 neska etorri ziren Getxora eta Udalak 14.960 euro ipini zituen ekimenerako. 1996tik hona (1998an izan ezik ustez erreferenduma egin behar zelako) 134 haurrek, 86 mutilek eta 46 neskak, igaro dute uda familia getxoztarrekin eta Udalak emandako diru kopurua 137.000 eurokoa da, besteak beste honako gastu hauetarako: kanpamenduetatik etortzeko eta joateko bidaiarako; txangoetarako eta ekitaldietarako; haurrentzako ekipamenduetarako (txanoak, txankletak, bainujantziak…); harrera jairako; saharar eta bertoko begiraleentzat eta harrera-familiarentzako psikologoarentzat. Bestalde, Getxo Kirolak udal erakundeak haurrak eta laguntzaile bat instalakuntzetan sartzea errazten du.
Julio San Roman Atfal elkarteko zuzendariak, familia getxotarrak animatu ditu harreran parte hartzera, “baldintza hobeagoetan uda igarotzeko umeei aukera emateaz gain, familientzat oso esperientzia aberasgarria baita haurrengandik jasotzen dutenagatik”. Saharar haur bat etxean hartzeko baldintza bakarra udalerrian erroldatuta egotea da, “familia mota ugari izaten baitira, gaur egun gizartearen isla”, San Romanek azaldu duenez.