Ostiral honetan, 60 kilometro egingo ditu Korrikak gure eskualdean. Atzerapenak atzerapen, 13:53an da heltzeko Andrakara euskararen lasterketa. 60 kilometrotan, Lemoiz, Gorliz, Plentzia, Barrika, Plentzia berriro ere, Urduliz, Sopela, Berango, Getxo, Algorta, Neguri, Itzubaltzeta / Romo, Areeta, Leioa, Astrabudua eta Erandio zeharkatuko ditu, lau ordu t'erditan, 18:33ak aldera Elorrietatik Bilboaldean sartzeko. Kilometro horietan, guraso elkarteak, jai batzordeak, kirol taldeak, langileak, ikastetxeak, institutuak eta ikastolak, udalak, presoen senide eta lagunak, futbol peñak, gazte asanbladak eta gazte independentistak, kultur elkarteak, euskara taldeak, euskaltegiak, konpartsak eta koadrilak, enpresak, AEKko militante historikoak zein "Mihiluze" programan aritutakoak, ezker abertzalekoak, EAkoak, etorkinak, mendigoizaleak, bertsolariak eta arraunlariak, besteak beste, txandakatuko dira lekukoaren inguruan. Baina, larunbatean ere, bueltan etorriko zaigu Korrika, goiztiarra gainera. Goizeko 7:23ak aldera Lutcxana arraun taldeak ekarriko du Barakaldotik, traineruz. Ondoren, Erandioko Gazte Asanbladak, Gazte Independentistek, Erandioko Emakume Taldeak, Rock&Goll Athleticeko Peñak eta herriko taskeroek zein Berbotsek eta LABek helduko diote zurezko lekukoari, 6 kilometroz, Kukularran Txorierriko lagunei emateko. Igandean, berriz, Gasteizera joateko eguna izango da, 12:30etik aurrera lasterketaren amaiera ikusi eta agur festan parte hartzeko.