Getxo Rugby Taldea 1975ean sortu zen, “Pitxon”, “Pepillo”, “El Brujo” eta beste askoren lanari esker. Bizkaiko Ligan jokatu zuen lehenengo aldiz, Barakaldoren aurka. Laugarrena izan zen liga hartan. 1978an 2. mailan sartu zen, eta 1980an lehenengoan. Hamarkada horretan igoerak eta jaitsierak izan zituen, baina hamarkadaren amaieran kategoria gorenean finkatu zen. Milurteko berrian, Espainiako Ohorezko Dibisioko B kategoriara jaitsi da behin. Gaur egun, onenen artean segitzeko borrokatzen ari da. Horretarako, funtsezkoa izango da igandeko partida, Valladoliden aurka, Errugbi Egunari amaiera emango diona. Nesken taldeak denboraldiko kontrapuntua jarri du, Espainiako Erreginaren Koparen finalerdietara iritsi ondoren; titulua berresteko ahalegina egingo du. Neskek joan den urtean ospatu zuten hogeigarren urteurrena.
Sortu zenetik, ligako titulu bat (1992-1993) eta kopako lau (1990, 1991, 1992 eta 1997) eskuratu ditu. Gainera, txapeldunordea izan da ligan behin eta birritan kopan, azkena 2005ean Zaragozan. Nesken taldea, Erreginaren Koparen irabazlea gaur egun, 2001ean txapelduna izan zen, eta 2004an txapeldunordea.
Egitaraua:
Apirilak 4, larunbata
12:30 Rugbya kalean. Getxo Artea RT-ko jokalariek Torrene eta Zabala kaleetan dabiltzan pertsonak baloi obalatua ukitzen animatu, autografoak sinatu, omenaldi honetarako egindako argazkiak banatu eta neurri ezberdinetako baloiak oparituko dituzte. Dena jai giroan, trikitilariekin.
13:30 Getxo RT-aren bandera altxatuko du Christophe Lamaison "Titou" Frantziako jokalari ohiak Telletxe plazan.
13:45 Getxo Artea RT-ren aldeko topa, suziriekin. Getxo udalerriko kirol klubetako ordezkariak eta gonbidatutako kirolariak egongo dira.
15:00 Herri bazkaria, 300 lagun ingururentzat, Zabala eskolan (animazioa, kamiseten zozketa, gonbidatu bereziaren hitzak).
Apirilak 5, igandea
11:45 Fadurako zelaian, Getxo Artea RT-ko nazioarteko jokalarien desfilea, garai ezberdinetakoak, bandera horibeltzarekin, agintari ezberdinen aurrean.
12:00 Getxo Artea eta Quesos Entrepinares taldeen arteko partida, 2008-2009ko Ohorezko Mailako Ligan Faduran jokatuko den azkena.