Gurutzetako ospitalean artatu behar izan dituzte atzo Plentzian atxilotutako ustezko bi lapur

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 4a, 20:08

Plentziako Udaltzaingoak 23 eta 24 urteko bi gizonezko atxilotu zituen atzo, ostirala, itsas hiribilduan, aparkatuta zegoen ibilgailu bateko kristala hautsi eta barruan ostu zutelakoan. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, antza alkoholaren eraginpean zeuden biak, eta Getxoko ertzain-etxera eraman zituzten beharrezko izapideak egiteko. Ondoren, gizonezkoak ondoezik sentitu ziren eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zituzten; gainera, ertzain batek atxilotuetako bat suspertu behar izan zuen, arnasa hartzeko zailtasunak baitzituen, bertsio ofizialaren arabera. Komisariara zeramatzatela atxilotuetako batek agenteen kontra jarrera oldarkorra erakutsi zuela ere aipatu du Herrizaingo Sailak. Gauerdi aldera, ospitalean artatuak izan ostean, biak ertzain-etxera eraman zituzten berriro. Gaur, larunbata, bi atxilotuak epailearen esku jarri dituzte. Aurrekariak dituzte biek jabetzaren kontrako delituengatik.

Arratsaldeko hiru eta erdiak aldera, Plentziako udaltzainek ustez Ondarreta pasealekuan aparkatuta zegoen furgoneta batean osten saiatu ziren bi gizonezko atxilotu berri zituztela jakinarazi zioten Ertzaintzari. Dirudienez, ibilgailuko leiho bat hautsi egin zuten eta motxila bat eta musika-ekipo bat ostu zituzten. Ondoren, objektu horiek berreskuratzea lortu zuten. Ertzainek atxilotuen ardura hartu zuten eta Getxoko ertzain-etxera eraman zituzten beharrezko izapideak egiteko. Atzemandako gizonezkoek edari alkoholdunen edo drogen eraginpean zeudelako zantzuak zituzten; hain zuzen, hondartzan whiskia edan zutela onartu ei zuten udaltzainen aurrean. Gainera, ertzain-etxera bidean, atxilotuetako batek agenteen kontra jarrera oldarkorra erakutsi zuen, polizia iturrien esanetan. Herrizaingo Sailaren arabera, arratsaldeko bostak aldera, atxilotuak ondoezik sentitzen hasi ziren; sabelaldeko minaz kexatzen ziren eta botaka egin zuten. Horrez gain, batek arnasteko zailtasunak zituen eta agenteek suspertze maniobrak egin behar izan zizkioten, anbulantzia heldu eta Gurutzeta ospitalera eraman zuen arte. Bigarren atxilotua ere aipatutako osasun zentrora eraman zuten badaezpada, izan ere, antzeko ondoeza zuen, arinagoa izan arren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun