Iker Rodrigori egitekoa den ongi etorria debekatu du Garzonek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 4a, 13:08

Baltasar Garzon epaileak debekatu egin ditu gaur eguerdiko ordubatetan Erandioko udaletxeko plazan Iker Rodrigo preso ohi lutxanarrari ongi etorria emateko abiatu behar zuten ekitaldia eta hari lotutako bestelako ekimen guztiak. Erandioko ezker abertzaleko kideek jakinarazi dutenez, atzo arratsaldean hainbat ertzain sartu ziren Egoki eta Hegoalde Astrabuaduako eta Altzagako herriko tabernetan eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindua jakinarazteaz gain, herriko tabernetan "ezta luntxik ere" ez egiteko ohartarazi zieten aipatu lokaletan zeudenei. Poliziek esandakoa "zentzugabekeria" zela tabernakoak azaltzen hasi zirenean ertzainek "bada, ateak itxita izan dadila" erantzun zieten. Udalari ere autoaren berri eman zioten atzo eta erakundeak aurretik emandako baimen eta azpiegitura guztiak ukatu zituen ondoren. Auzokideek, berriz, debekua salatzeko mobilizazioa deitu dute eguerdiko ordubatetan ere, baina metroko plazan. Argazkian, Iker Rodrigo Hegoalde herriko tabernan zegoen bere argazkia kentzen.

Bestalde, debekuak lehenengo elkartasun keinuak ere eragin ditu herrian. Atzo, esate baterako, Korrikak Erandioko udalerritik igaro behar zuen azken kilometroan, Lutxanan, Lutxanako arraun taldea zen lekukoa eramatekoa, Erandioko Udalak sarituta. Arraun taldeko kideek, baina, ordurako bazuten ongi etorriaren debekuaren berri eta Iker Rodrigo auzoko semea eta arraunlari ohiari eskatu zioten euskararen aldeko lasterketako zurezko heldulekuari heltzeko, giro ederraren artean.

Iker Rodrigo urtarrilaren 23an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, D3Mren aurkako operazioan. Egun horretan, Eli Zubiaga algortarra, Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakaslea eta beste bost lagun atzeman zituen Poliziak. Zortziak joan den astean atera ziren kartzelatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun