Uribe Kostan apirilaren 15ean izango da Dispertsioaren Aurkako Bira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 4a, 20:44

Euskal preso politikoen aurkako sakabanaketa politikak 20 urte beteko ditu hilabete honetan. Hori dela eta, apirilaren 14tik 19ra dispertsioaren kontrako bira antolatu du Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak. Azken egun horretan nazio mailako ekitaldia egingo dute Durangon. Uribe Kostari dagokionez, hilaren 15ean izango da bira, tokiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak aurreratu duenez. Besteak beste, auto karabana eta elkarretaratzeak egongo dira herrietan. Egun horretan, ekitaldia ere egingo dute, 13:30ean, Algortako Telletxe plazan. Etxeratek salatu duenez, sakabanaketa politikak "sufrimendua besterik ekarri ez duen politika ankerra da. Euskal preso politikoak pertsona moduan suntsitu eta senide eta lagunak era guztietara xahutu nahi dituen politika". Hogei urte hauetan, 21 euskal preso politiko hil egin dira espainiar eta frantziar Estatuetako kartzeletan. Hori gutxi balitz, bisita egitera zihoazen 16 senide eta lagunek ere heriotza topatu dute. Tartean, etxean preso daukaten Anjel Figueroa algortarraren amama, Antxoni Fernandez, 1997ko martxoaren 14an Alcala Mecora bisitan zihoazela. Argazkian, Euskal Herriko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak plazaratutako kartela.

Etxeratek atzo Bilbon egindako prentsaurrekoan zabaldutako oharra:

Euskal preso politikoen aurkako sakabanaketa politikak 20 urte beteko ditu hilabete honetan. Urtemuga tristea da guretzat, bi hamarkada eman ditugu milaka kilometro eginez gure senide eta lagunak ikusi ahal izateko. 20 urte Giza Eskubideak nabarmen urratzen dituen politikaren ondorio latzak pairatzen.

Sufrimendua besterik ekarri ez duen politika ankerra da. Euskal preso politikoak pertsona moduan suntsitu eta senide eta lagunak era guztietara xahutu nahi dituen politika. Fisikoki, psikologikoki eta ekonomikoki indargabetu nahi gaituena. Gainera, Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatu nahi duen xantaia onartezina da.Denbora guzti honetan, 21 euskal preso politiko hil egin dira espainiar eta frantziar Estatuetako kartzeletan. Hori gutxi balitz, bisita egitera zihoazen 16 senide eta lagunek ere heriotza topatu dute. Astero, senide ta lagunek milaka kilometro egin behar ditugu eta horrek gure biziak arrisku bizian jartzen ditu. Horren lekuko, euskal preso politikoen senide eta lagunok pairatu ditugun 267 kotxe istripu larriak.

Min emateko gai izan dira, baina dispertsioak ez ditu bere helburuak lortu. Ez du senide eta lagunek helarazten dugun maitasunarekin amaitu, ezta kartzela politika kriminal honen salaketarekin. Sakabanaketa munduan arbuiatutako politika da, nazioarteko hainbat erakundeek salatzen duten tresna errepresiboa. Baina, Estatuek, euren hasierako helburuak bete ez dutela ikusita, euren estrategia gogortu besterik ez dute egin. Horren lekuko dira Bizi Osorako zigorraren aplikazio edo gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak ez askatzea.

20 urte dira jada. Zifra borobila bezain tristea. Baina, hala izan arren, datozen egunetan krudelkeria honen bukaera eskatuko duen olatua Euskal Herriko txoko, auzo eta herri guztietara helduko da. Etxeratek ekimen andana prestatu baititu apirilaren 14tik 19ra bitartean. Zitak nonahi izango dira eta senide delegaritza ezberdinek sakabanaketak utzi dituen arrasto ezberdinak gogoratuko ditu.

Apirilaren 19an ekitaldi nazional handia burutuko dugu Durangoko Landako Gunean. Bertara, karabana erraldoia bideratu nahi dugu. Sakabanaketarekin amaitu gura duten pertsona eta eragile guztiei bertara joateko gonbitea luzatzen diegu. Guztion indar metaketa ezinbestekoa izango baita Giza Eskubideen kontrako eraso larri eta etengabe honekin amaitzeko.

Etxeratek, gainera, ahalegin komunikatibo berezia egingo du aste honi begira. Gure web orria, www.etxerat.info, berritu dugu eta Apirilaren 14tik 19ra bitarteko ekitaldi eta gertakari guztien berri emateko dispertsioak20urte.wordpress.com bloga jarri dugu martxan.

Etxerat
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun