Zigor Goikoetxea hilaren 14an epaituko dute Madrilen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 4a, 21:22

Zigor Goikoetxea preso politiko getxoztarra apirilaren 14an, asteartea, epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak bere kontra jarritako mehatxu salaketa ebazteko. Epaiketa dela eta, Segoviatik Madril aldeko Navalcarneroko espetxera eraman zuten joan zen astean, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. Epaiketa urtarrilean egin behar zen, baina Arruek eskatzen zituen 10 urteko espetxe zigorra legez eskatzerik ez zegoenez, epaiketa bertan behera utzi zuten. Orain 6 urteko espetxe zigorra eskatzen diote Goikoetxeari. Hilaren 23an ere BIlboko Buenos Aires kaleko Bizkaiko Lurraldeko Auzitegian du epaiketa getxoztarrak, Algortako beste hiru gazterekin batera. 2002an Getxo udalerrian ospatutako Ibilaldian, txosna bat desmuntatzera joan zirenean erresistentzia egin eta kalteak eragitea leporatzen die lauei Ertzaintzak. Bi urteko espetxe zigorra eta isuna jarri nahi diote bakoitzari. Argazkian, urtarrileko epaiketaren bezperan kontzentrazioa egin zuten Algortan, Zigor Goikoetxearen askatasuna aldarrikatzeko.

Alfontso Zenon abokatuak "larritzat" jo zuen Zigor Goikoetxearen kontrako epaiketa, urtarrilean epaitu behar zutela, "dagoeneko aurrekari bat markatu duelako", bere ustez. "Gara" egunkariak egindako elkarrizketan azaldu zuenez, haren kontra, sei eta hamar urte bitarteko espetxe zigorra eskatzen zuten orduan. PPko zinegotzi bati mehatxu egitea leporatzen zioten, nahiz eta bere kontra inolako frogarik ez duten, bakarrik zinegotzi horren hitza. "Kontu nahiko larria da, dagoeneko aurrekari bat markatu duelako. Orain PPko edozeinek Euskal Herriko gazte bat salatzen badu, automatikoki kartzelara joateko arriskua dauka. Bere hitzarekin bakarrik. Eta ez dute beste frogarik behar. Zuk ezetz, baina kartzelara. Horrek, ustezko demokrazia batean, ez luke inolaz ere horrela izan behar", azaldu zuenez. Bitartean, "alderdi politikoek, komunikabideek eta aparatu judizialek eskuz esku aurrera daramaten eraso berri baten aurrean" gaudela salatu du Askatasunak.

Gaixotasuna

Bestaldetik, Goikoetxearen egoera medikoa dela eta abokatuek behin eta berriro eskatu dute kalera ateratzeko. Hala ere, behin eta berriro ere ukatu egin diote, "esanez bere gaixotasunak bateragarriak direla kartzelako bizimoduarekin", Uribe Kostako AAMk salatu duenez. Besteak beste, abenduaren 2an, Segoviako (Espainia) espetxeko funtzionarioek konorte barik topatu zuten Azkorrikoa, patio ordua amaitu eta ziegara bueltatzeko bere bila joan zirenean, bertan bakarrik zegoela. Goikoetxeak berak jakinarazi zien telefonoz etxekoei. Berehala, kartzelako erizaintzara eraman zuten eta "gainetik begiratu ostean" bizimodu normalean jarraitu zuen, errepresioaren kontrako erakundeak salatu zuenez.

Epaiketa Bilbon

Apirilaren 23an Kepa Saratxaga, Urtzi Paul, Zigor Goikoetxea eta Endika Lejarzegi gazte algortarrak epaituko dituzte BIlboko Buenos Aires kaleko Bizkaiko Lurraldeko Auzitegian. 2002an Getxo udalerrian ospatutako Ibilaldian, Bizkaiko ikastolen aldeko jaian, txosna bat desmuntatzera joan zirenean erresistentzia egin eta kalteak eragitea leporatzen die lauei Ertzaintzak. Epaiketa eguerdiko 12etan hasiko da, Bilboko Zigor Arloko 6. epaitegian. Aipatu behar da Goikoetxea eta Lejarzegi espetxean direla, beste auzi batzuengatik.


Askatasunaren salaketa:

Alderdi politikoek, komunikabideek eta aparatu judizialek eskuz esku aurrera daramaten eraso berri baten aurrean gaudela salatu nahi dugu Askatasunetik. Euskal Herria salbuespen egoeran aurkitzen da eta modu honetako erasoak eguneroko ogi bihurtu zaizkigu.

Errepresioaren jomugak ezartzen dituzten komunikabideak, gerra tribunalak, polizia torturatzaileak… denak balio du independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko gurutzadan. Azoka batean politiko batzuen aurrean protesta egitea honelako jazarpenekin ordaintzen den egoera bortitza ezarri dute gure herrian, errepresioarekin itsuturik dauden gobernuek.

Aski da!
Muntaia zapaltzailerik ez!
Zigor askatu!

Askatasuna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun