Manifestazioa bukatuta, ezker abertzaleko kideak komunikatua irakurtzera zihoazela, ertzainek berriro ere ohartarazi zieten ezin zutela ongi etorririk egin eta kasu egin ezean oldartuko zitzaizkiela. Bildutako lagunek demokrazia eza, presoen egoera eta Espainiarengandik eta Eusko Jaurlaritzatik "jasaten dugun errepresioa" salatu zituzten. Gainera, "adierazpen askatasunaren urraketa" ageriagoan uzteko, mikrofonoa irekita utzi zuten hitz egin nahi zuenarentzat. Horrela egin zuen Iker Rodrigok berak. "Momentu honetan kalean nago, askatasunean nago baina ezin naiteke askatasunean bizi, preso dagoen herri batean" salatu zuen lutxanarrak, txalo artean. Ondoren, ekitaldia bukatu eta trikitixaren doinupean herri poteoa egiteari ekin zioten bildutakoek. Hortik metro batzuetara bi auzokidek lore sorta eta txapela eman zizkioten Rodrigori, opari gisa.
Entzun (mp3) manifestazioaren aurretik eta ostean botatako hitzak.
Atzo goizean ziren Erandioko auzokideak Iker Rodrigo preso ohiari ongi etorria egitekoak. Herenegun, baina, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio epaitegiko Baltasar Garzon magistratuak aipatu ekimena