Bazkide berrien onarpenarekin batera Topaguneak beste lau puntu nagusi eztabaidatu zituen bere batzar nagusian: datozen hiru urteetarako planaren aurkezpena, 2008ko jardueraren errepasoa, 2009ko Kudeaketa Planaren aurkezpena eta Zuzendaritza berritzea.
Euskara Elkarteen funtzioa zaharberritzea
Topaguneak hurrengo hiru urteetarako barne hausnarketa burutzeko "prozesu parte hartzailea" abiatuko du. Bazkideekin landu nahi den gogoetaren oinarria "euskara elkarteek hizkuntza komunitate antolatuaren gune modura duten funtzioa berritzea eta aldarrikatzea" izango da. Xede nagusi hori aintzat hartuta, hizkuntza politikaren oinarriak, parte hartzea eta sentsibilizazioa moduko gaiak izango dira aztergai prozesu horretan, Topaguneko iturriek azaldu dutenez.
Zuzendaritza Batzordea
Estatutuetan agindutakoari jarraiki, Federazioaren Zuzendaritza Batzordea berritu egin da: Durangoko Berbaro Elkarteko Ione Narbaiza, Araitz-Beteluko Mailope Elkarteko Urko Aristi eta langileen ordezkaria zen Aritza Escandon Zuzendaritzatik irten dira, eta haien ordez Berbaro Elkarteko Nahia Zarzosa eta langileen ordezkari berria den Amaia Alberdi arituko dira aurrerantzean. Federazioaren presidentetza, berriz, Azkoitiko Maxixatzen elkarteko Karmen Irizarrek berritu du beste hiru urtetarako.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte elkarteek eta Federazioak berak, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.