Norgehiagoka ez da txarto hasi Getxo Artea Rugby Taldearentzat. Lehenengo ordu laurdenean bi zigor kolpe gauzatu ditu Palumbok, hori-beltzei partiduari aurre egiteko adorea emanez. Bere jokoa egitea zaila eduki dute orduan valladolidtarrek. Hala ere, lehenengo zatia markagailua aurretik zutela amaitu dute Quesos Entrepinares taldekoek, Mahamud-en dropa eta Pardoren markari eskerrak, luzapenean. Bigarren zatian ere kementsu atera dira zelaira Getxo Arteako rugbylariak: Abatek entsegua lortu eta Palumbok transformatu ostean, beste kolpe bat gauzatu du argentinarrak, markagailua 16-8 jarriz. Hala ere, orduan bilakatu da partidako protagonista Jose Bogas arbitroa, David Hernandez eta David Martin kanporatuz. Hori gertatuta, emaitza defendatzea jarri du helburu bezala Getxo Arteak. Hala ere, ez du lortzerik izan. Valladolidekoek berdintzea lortu dute 64. minutuan eta, bi zigor kolpe erratu ostean, Palumbok hirugarren bat gauzatu duen arren (19-16); berriro ere luzapenean, entsegua egin du Pedro Martin valladolidtarrak. Molinak transformatu ostean, 19-23 izan da azkeneko emaitza.
Jose Luis Martinez "Karra": "Beti marran jokatzen baduzu, azkenean erori egiten zara"
Behin partida amaituta, Jose Luis Martinez "Karra" Getxo Arteako entrenatzaileak adierazi duenez, "esan ohi den bezala, arbitroak amaiera jo arte norgehiagoka ez da amaitu. Hala ere, denboraldi osoan arrastaka daramagun kontua da hori, minutuak soberan izan ditugu". Arbitroak erakutsitako txartel gorriei dagokienez, lehenengoa "epailearen interpretaziotzat" jo du Karrak. Bigarrenari, ordea, "gure buruei egindako mesede eskasa" deritzo entrenatzaileak. Protestatzeagatik kanporatu dute David Martin. Amaitzeko, "aukerarik badaukagu Madrilen aprobetxatu egin beharko da, baina beti marran jokatzen baduzu, azkenean erori egiten zara", aipatu du Karrak.