![](http://ukberri.net/berrirudi/berangoko-pasioa-2008-jesus.jpg)
Urtero legez, Ostiral Santuan egingo dute Jesusen Pasio Bizia Berangon. Horrenbestez, 20:30ean hasita, lehenengo pasarteak eliz parean eta Dolores Aguirreren etxe inguruko lorategietan egin ondoren, Simon Otxandategi eta Elexbide kaleak hartuko dituzte, udaletxe atzealderaino iristeko. Bertan antzeztu ohi dute gurutziltzaketa. Orotara, 170 aktorek eta 80 langilek, argi eta soinu teknikari, ile-apaintzaile eta makilatzaileen artean, parte hartuko du Arte Eszenikoen Lagunak kultur elkarteak antolatutako pasioaren 29. edizioan. Gutxienez Bizkaian, gauez antzezten den pasio bakarra da Berangokoa, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Berangoko Pasioa Bizia antolatu eta antzezteko behar beste diru batzen arazoak izaten dituzte urtero, "Udalak eta Aldundiak ematen duten laguntzak ez baitira nahikoak", Fernando Ansoleaga zuzendariak behin baino gehiagotan adierazi duenez. 25.000 euro inguruko aurrekontua du antzezpenak. Horren erdia eszenatokiak eta dekoratuak ordaintzeko izaten da eta, gainontzekoarekin, soinu eta argi teknikariei ordaintzen zaie. Izan ere, aktoreek musu truk egiten dute antzezkizuna. Argazkian, euri zaparrada handien eta haize bortitzen ondorioz, ezin izan zuten iaz Jesus gurutziltzatu.