
San Juan jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketan parte hartu nahi dutenek bihar daukate euren lanak entregatzeko azken eguna. Epea bukatuta, bi fase egingo dira kartela hautatzeko. Lehenik, epaimahaiak 3 kartel aukeratuko ditu, udal iturriek aipatu dutenez. Obra horiek kultur etxean (Txintxilandia eraikina) eta udal webgunean (www.barrika.net) jarriko dira ikusgai. Ondoren, herritarren botaziorako epea irekiko da, apirilaren 17tik 29ra bitartean, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 18:30era (hilaren 18an, larunbata, goizez). Horrela, Barrikako herritarrek eta epaimahaiak boto gehien emandako kartelak irabaziko du lehiaketa. Euren botoa Internet bidez eman nahi duten pertsonek DNI zenbakia zehaztu beharko dute. Irabazlea zein den maiatzaren 8an argituko da eta sari banaketa egingo da egun berean, 19:00etan, Barrikako kultur etxean. Argazkian, otsailaren 3an San Blas eguna ospatu zuten barrikoztarrek.