Ertzain batek emandako jipoia salatu egin berri du Arturo V. E. Erandioko auzokideak,
"Gara" egunkariak gaur jasotzen duenez. Bilboko epaitegietan aztertzen ari diren erasoa pasa den martxoaren 8an jazo zen, taberna batean. Orduan, auzokideak salaketan emandako bertsioaren arabera, lagun batekin kafea hartu eta edaria bukatuta komunera jo zuen erandioztarrak. Eskuak garbitzen ari zela, 40 bat urteko gizonezko bat hurbildu zitzaion eta ia nor zen bazekien eta autoan arrastoa egin zion galdetu ondoren saihets-hezurretan jo zuen, nahiz eta Arturok bi galderei ezetz erantzun. Gizonak "judo giltza moduko batez" lurrera bota zuen "nire autotik urrundu!" oihukatzen zion bitartean. Geroago, esku batez heldu eta komun batera arrastaka eramaten saiatu zuen, "lasaitasunez jotzeko". Erandioko auzokideak, baina, atearen kontra hainbat ostikada emanez sortutako zarataz beldurtu ei zen erasotzailea eta alde egin zuen. Baina, irteterakoan, jipoia eman zion gizona ikusi zuen bere eraikin bereko auzokide batekin. Udaltzainei deitu zien gertaturikoa salatzeko baina hauek ez zuten gizonaren aurka ezer egin. Ondoren, Arturo V. E.-ren senideak berarekin batu ziren eta horien eta erasotzailearen aurkako eztabaida piztu zen eta azken horrek heriotza mehatxuak ere egin zizkiola salatu du erandioztarrak. Orduan jakin ei zuen Arturok ustezko erasotzailea ertzaina zela. Basurtuko ospitalean saihets-hezur bateko fisura topatu zioten eta hiru egun beranduago pixan odola egiten hasi zen. Orain tratamenduren pean dago eta 22an auzitegiko medikuarengandik igaro beharko du. Argazkian, 2008ko abenduaren 3an ikasle batek Leioa eta Erandioko campusean Ertzaintzarengandik hartutako jipoia /
Gaztesarea.