Berdintasun Sailerako logotipoa aukeratzeko lehiaketa ireki berri du
Leioako Udalak. Horren helburu nagusia tokiko erakundearen sail horri "irudi modernoa" jartzea da, "herritarrengandik eta udal langileengatik identifikagarria izateko asmoz", agintari leioaztarrek azaldu dutenez. Euren hitzetan, "ekintza honekin ibilbide luzea duen Berdintasun Sailaren irudia berritzea eta hobetzea lortu nahi da, identifikagarria izatearekin batera, baina honetaz gain zerbitzu baten goraipamena bilatu nahi da". Dagoeneko jarrita daude lehiaketa iragartzen dituzten kartelak, Leioako kaleetan zehar. Eta lehenengo interesdunak hurbildu dira jada Gizarte Zerbitzuetara informazio gehiagoren bila. Horretaz gain, Leioa eta Erandioko campusean ere jarriko dira hainbat kartel, gehienbat, Arte Ederretako eta Komunikazioko ikasleak parte har dezaten. Lanak aurkezteko epea apirilaren 30era arte egongo da zabalik. Argazkian, Leioako udaletxea.