Orain bi larunbat, martxoaren 28an, Cesar Uceda sariak banatu ziren
Kultur Leioan.
Leioako Udalak urtero antolatzen duen ekitaldi honetan sei kontserbatorio ezberdinetako 12 gazte aurkeztu ziren, baina azkenik, aurtengo saritu nagusia Iruñeko Pablo Sarasate Musika Eskola Profesionaleko Jorge Alvarez biolontxelo ikasleak eskuratu zuen. Iruindarrak 600 euro eta plaka bat irabazi zituen. Epaimahaiak adierazi zuen bezala, "aurten ere aurkeztutako gazteen maila oso altua izan da". Hori argi geratu zen sari banaketen ostean emandako kontzertuan. ETA erakunde armatuak 1982ko azaroaren 18an hil zuen, Bilbon, Cesar Uceda Vera Espainiako Armadako teniente eta Leioako Musika Eskolaren hastapenetan bertoko irakasle zena. Ordutik hona, hainbat omenaldi egin zaizkio udalerri leioaztarrean eta, orain hiru urte, musikari gazteen lehiaketa egiten hasi ziren. Beraz, laugarren edizioa izan du aurtengoa txapelketak.