Arabako Foru Aldundia ez ezik,
Getxoko Udala ere PSE-EEren "gatibu" dela adierazi du gaur Espainiako Kongresuan EAJren bozeramaile Josu Erkorekak,
Europa Press albiste agentziari eskainitako elkarrizketan. Bere hitzetan, EAJren jokabidea "baldintzatu" nahi du horrela Patxi Lopez buru daukan alderdiak. Salatu duenez, jelkideek sozialistek nahi duten bezala jokatzen ez badute, "mendekua hartu eta bahituak exekutatuko ditu". Eusko Legebiltzarrean zein Espainiako Parlamentuan, "EAJren jarduna euren gustukoa bada, instituzio arabarra eta getxoztarra egun dauden eskuetan jarraitzeko ahal duen guztia egingo du PSE-EEk. EAJ nahiko luketena baino oposizio gogorragoa egiten ari bada, ordea, mendekua hartuko dute gatibuez baliatuz", azaldu du Erkorekak. Jelkideek. baina, ez dute "xantaiaren aurrean" amore emango, Espainiako Kongresuko ordezkariaren arabera. Erkorekak zehaztu duenez, "egin behar duguna egingo dugu, gure identitate ideologikoari eta hauteskunde programari jarraituz". Bitartean, Alfonso Alonso Arabako PPko presidenteak "ikasle onek" ez dituztela gauzak "irailerako" uzten esan zuen joan den ostiralean, Radio Vitorian egindako elkarrizketan. "Horrenbestez, zentzuzkoa da oporretan joan aurretik kontua konponduta izatea", gaineratu zuenez. Egun berean, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak baieztatu egin zuen Arabako Gobernua eta Getxoko Udala eskuz aldatuko direla. Nolanahi ere, ez zuen eperik jarri. Bere esanetan, PSErekin beste hainbat gauza negoziatu dituzte, baina guztiak ez dituzte jakinarazi. Argazkian, Josu Erkoreka EAJk Areetan emandako azken mitinean.