Gazteen independentziarako bidean partekatutako alokairua proposatu du EGAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 8a, 16:23

Erandion huts dauden etxebizitzak alokairuan jarri eta bakoitzean hiruna gazte hartuz udalerriko gazteek gurasoengandik independentzia eskuratzeko duten arazoa konponduko litzatekeela zabaldu du Erandioko Gazte Asanbladak. Izan ere, etxebizitza eskubideaz sano kezkatuta daude erandioztarrak, inguruan "egoera larriak" bizi direla jakinda. Gainera, "oinarrizko eskubidea" den etxebizitza duina eskuratzea are zailagoa da, "ia ezinezkoa", gazte langileentzat. Hori dela eta, etxebizitza eskubidearen aldeko dinamikan murgildu dira azken garaian gazte asanbladako kideak. Informazioa bildu, kale inkesta egin, bideoa kaleratu, kartoizko etxeak barreiatu, eta 1.000 etxe hutsen, 800 euroko ohiko alokairuen eta etxebizitza erosteko metro koadroko 4.000 euroen zenbakiak bazter guztietan jarri dituzte EGAko gazteek. Orain, egindako lan guztiaren ondorioz, egoera konpontzeko proposamena egin eta Udalaren esku hartzea eskatu dute.

Erandioko Gazte Asanbladaren oharra:

Erandioko Gazte Asanbladako kideoi etxebizitza eskubidearen egoera larriak kezkak sorrarazten dizkigu.

Gaur egun gazte langile batentzat ia ezinezkoa da etxebizitza duina eskuratzea, horregatik lanean dihardugu.

Gazteontzat oinarrizko eskubidea izan behar zuenaren alde hainbat dinamika antolatzen gabilz.

Lanean hasteko informazioa bildu ostean inkesta baten bitartez herriko gazteen iritzia eta euren egoera ezagutzen saiatu ginen. Eskuratutakoarekin bideo txiki bat muntatu genuen ondoren kalean proiektatzeko.

Herritik, etxe hutsen zifra hedatzen ere saiatu gara nonahi kartoizko etxeak jarriz.

Egoera latza da baina gaiaren inguruan borrokatzen jarraituko dugu aurrerantzean ere.

- m2ko 4.000 euro.
- 1.000 etxe inguru huts daude.
- Alokairua, 800€ inguruan dabil.
- Erandion 18-30 urte bitartean 3.231 gazte bizi gara .

Etxe huts horietako bakoitzean 3 gazte alokairuan sartuko bagina, gurasoen etxetik joatea posible litzateke.

Udalak honetan zer egina duela uste dugu.

Etxebizitza eskubidea da!

Erandioko Gazte Asanblada
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun