Dario Urzayk diseinatu du Arenas Club futbol taldearen mendeurreneko kamiseta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 8a, 21:18

Neguriko Artatza hotelean atzo goizean egindako ekitaldian aurkeztu zuten jendaurrean, Arenas Club futbol taldearen mendeurrena dela eta, hoberen gordetako sekretua zena. Besteak beste, Iñaki Zuazo klubaren presidentea lagun zuela, Arenasen kamiseta berria diseinatu duen Dario Urzayk parte hartu zuen agerraldian. Futbol klub baten kamiseta diseinatzen duen bigarren aldia du hau artista bilbotarrak. Hala ere, ez dirudi oraingoan horrenbesteko polemikarik piztuko duenik. "Ketchup" ezizenez ezaguna da Urzayk 2004an Athleticentzat egin zuen elastikoa. Arenasek, berriz, lehenengo eta bigarren ekipamenduak diseinatzeko eskaera egin zion: gorria eta beltza, eta berdea eta beltza, hurrenez hurren; baita atezainena ere. Une honetatik aurrera, oraingoz, klub areetarreko lehenengo taldeak soilik aterako ditu bere partidetan mendeurreneko jantzi ofizialak. Ostegun honetan Durangon ez, baizik eta hurrengo norgehiagokan estreinatuko dute kamiseta berria; hilaren 18an, larunbatarekin, Gobelako udal zelai berrian jokatuko duten Zarautzen aurkako partidan, alegia. Kamiseta guztien hasierako tirada 120 alekoa izango da. 55 eurotan salduko dira klubaren egoitzan, Bilboko Arte Ederretako Museoan eta Bizkaiko Zubian. Argazkian, Zuazo eta Urzay kamiseta berriak eskuetan.

Dario Urzayk Arenas Cluben lehenbiziko urteetan, hau da, klubaren urterik distiratsuenetan oinarritu da kamiseta egiteko orduan. Garai horretan, Espainiak Ligako Lehenengo Mailaren sortzaileetako bat izan ziren gorri eta beltzak. Zazpi denboraldi eman zituen dibisio horretan. Kamiseta egiteko, "diseinu sotila" egin du. "Sormenean eta ulermenean, oso emaitza erakargarria" lortu du Urzayk, artistak berak adierazi duenez. Ligako azken partidetan ez ezik, abuztuan ere, lehenengo ekipamendua erabiliko dute, etxean jokatuz, mendeurrena ospatzeko ekimenik garrantzitsuenetako batean: Athleticek eta Arenasek San Mames futbol zelaian jokatuko duten lagun arteko norgehiagokan, hain zuzen ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun