Atzerapenez hasi da harrera ekitaldia. Joaldunek ireki dute monolitorainoko bidea. Amaiur zeharkatu dute ondoren ehunka gazteek, monolitoaren ingurura hurbildu arte. Adarraren soinua lagun, jota batek eman dio segida ekitaldiari. Ileak tente jartzeko moduko une hunkigarria sortu du honek, eta agerikoa zen hori, gazteen txalo zaparrada eta oihu indartsuetan.
Gazte independentisten bozeramaileek hartu dute bertan hitza. 1512. urtean, orduko gudariek Nafarroako askatasunaren alde bizitza eman zuten lurretan, ia 500 urte geroago, oraindik ez garaitu ez duten gazteria badela azpimarratu dute, herri honen askatasunaren alde borrokan jarraitzeko prest dagoen gazteria alegia.
Eusko gudariak kantatu, suziriak bota eta abiatu dira gazteak martxan. Ekitaldian zehar eguraldiak errespetatu badu ere, bukatzerakoan euria hasi eta euria lagun dutela ekin diote bideari gazteek.
Harrera ekitaldiko interbentzioak
Ainararen interbentzioa
Ia 500 urte pasa dira gaztelar tropek nafar estatua armen bidez konkistatu zutenetik. Hemen, gaur guk zapaltzen dugun lurrean eutsi zioten orduko euskal gudariek konkista harri ; esan beharrik ez dago gerra hura galdu egin genuela. Europako mapan Nafar estatua ageri zen 1512a arte, orduko euskal herritarren estatu zen Nafarroako erreinua. Konkista militarra lehenbizi eta asimilazio kulturala gero.
Baina gaur, 2009ko apirilaren 10 honetan, gaurko euskal gazteria berria Amaiurren dago, berriz, esateko, oihukatzeko gerra hartan galdu genuena berreskuratzeko gure konpromisoa jartzen dugula mahai gainean! Orduko soldadu koittaduen ordez leporaino armaturiko txapeloker, madero eta bertan jaiotako zipaio salduak dituzte herritarrak kontrolatzeko. Orduko jauntxo feudalen ordez korbatadun enpresari yupiak ditugu gurean agintari, orduko erregeen zerbitzari zirenen parekoak dira oraingo UPNko faxistak eta orduko salduen parekoak Euskal Herria Konstituzio espainiarraren menpean eraiki daitekeela dioten PNVero diruzaleak.
Pirinioen bi aldetara bizi zen herri baten onarpena zen orduko estatua eta hura defendatu zuten gudariek euren azken odol tanta eman arte. Gerra hura galdu genuen, eta harrezkero gerra asko? gehiegi galdu ditugu euskal herritarrok. Frantziar iraultza burgesak Ipar Euskal Herriaren onarpenaren desegitea ekarri zigun, karlistadek gure burua gobernatzeko genituen arauen galera ekarri zuten, lehen mundu gerran gure identitatea ostu ziguten Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan eta 1936ko gerran gure identitatea bera desegiteko azken ofentsiba hasi zuten faxistek.
Baina gaur hemen batzen den gazteria gerra guzti horiek galdu dituztenen seme-alabak gara; eta hona gatoz, Amaiurrera gatoz Euskal Herriarentzat estatu berri bat eraikitzeko bidea hartu dugula esatera. Hona gatoz esatera Espainiako eta Frantziako estatu kapitalista eta inperialistek gure herriari miseria eta ukapena besterik ez diotela ekarri, eta ez dugula onartuko horien menpeko izatea dakarren inolako egiturarik.
2009ko apirilaren 10 honetan, euskal gazteria independentistak, Amaiurren baturik, erabakitzen dugu eta zin egin, herri hau askatasunera eramango dugula!
Txominen interbentzioa:
2009ko euskal gazteria zapaltzen dute munduan horrenbeste gose eta miseria sortzen duen sistema kapitalistaren bi katebegi besterik ez diren estatu espainiar eta frantziarrak, eta euren akolito lana egiten duten Iruñeko eta Gasteizko gobernuek.
Nork erabaki du herri honetan Abiadura Handiko Txikizioa eragingo duen negozioaren trena eraikitzea? Nork erabaki du paperean etxebizitza eskubidea dena diruzale gutxi batzuen negoziorako ondasun izatea? Nork erabaki du hezkuntza sistemak herri honek behar dituen pertsonak hezi ordez diruzalekeriaren makinaria elikatuko duten erremintak sortuko dituela? Ez al da horien eredu patriarkala indarkeria matxista eragiten duena? Ez al da euren zapalkuntza euskara heriotzera kondenatzen duena? Nor ari da euren krisia langileriaren bizkar jartzen? Zerbitzu publikoak desegiten, LEEen bidez langileak kaleratzen enpresariek irabazirik gal ez dezaten, ...
Eredu horren irauteko aldaketaren bidean antolatzen den ororen aurkako errepresio bortitza darabilte agintari denek. Ipar Euskal Herrian indartzen ari den mugimendu abertzalea kriminalizatuz (ostatuen auzia, gazteriaren aurkako operazioak, Batasunaren kriminalizazioa...) eta herriaren mesedera eraikitako Euskal Herriko Laborantza Ganbara bezalako proiektuak eteten saiatzen. Hego Euskal Herrian zapalkuntza eta zatiketa egoera honetatik erabakia euskal herritarren esku jarriko duen eskenatoki berriaren alde antolatzen eta borrokatzen duen ezker abertzaleari gerra deklaratuz (ilegalizazioak, torturak, razzia politikoak...); UPN eta PNV bezalako esaneko poltronero eta diruzaleekin estatutu eta amejoramendu berriak hitzartzen dituzten bitartean. Eta zazpi euskal herrialdeetan eredu zapaltzaile honen aurrean hamaika borroka ezberdinetan antolatzen garen eta borrokatzen dugun gazteon aurkako presio polizial etengabea mantenduz (espazio askeen desalojoak, poliziaren mehatxuak, jarraipenak, isunak...)
Elkarrekin ari gara itotzen gaituen sistema kapitalistaren aurka borrokan. Etsaia handia da: bi estatu, hiru administrazio, hamaika diruzale eta poltronero, gezurti kuadrilek osaturiko hedabide intoxikatzaileak, milaka polizia, espetxe, irakasle itxurako diktadore frustratuak...
Baina alternatiba bor-bor ageri da. Milaka gara egungo zapalkuntza, zatiketa eta ukapena onartzeko prest ez egon eta herriz herri hamaika borroketan antolatzen garenak, borrokatzen dugunak. Batean ala bestean, eredu berri baten alde, Euskal Herri berri baten alde ari gara borrokan. Sistema beraren aurka ari gara borrokan, eman dezagun urrats bat gehiago eta elkartu gaitezen alternatiba beraren alde, lotu gaitezen Independentziara!