Aurten ere Bilbon ospatuko du Aberri Eguna EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 10a, 23:53

"Gora ta gora beti" lelopean, Bilboko Plaza Barrian ospatuko du aurtengo Aberri Eguna Euzko Alderdi Jeltzaleak. Igandean, goizeko 11:30etik aurrera, Juan Jose Ibarretxe jarduneko lehendakaria eta Iñigo Urkullu EAJren Euskadi Buru Batzarraren presidenteak hitz egingo dute ohiko ekitaldi politikoan. Leioako jelkide eta jeltzaleak, berriz, askoz goiztiarrago ibili beharko dira. izan ere, goizeko 9:30ean hildako alderdikide eta alderdizaleen aldeko oroipen mezara deitu baitie EAJren Leioako Uri Batzarrak. Meza Ondizko ermitan izango da. Bestalde, aurtengo leloa aurkeztu zuen atzo Andoni Ortuzar BBBren presidenteak. Ortuzarren aburuz, "Euskal Aberriaren egunari ematen diogu aldarrikapenerako eta ospakizunerako dimentsio bikoitza. Aldarrikapena da, oraindik egon badaudelako eman beharreko urratsak, gainditu beharreko oztopoak eta irabazi beharreko autogobernu esparruak, Euskal Aberria izan dadin askeagoa, bidezkoagoa eta aberatsagoa". Argazkia: EAJ.

"Baina, era berean, ospatzeko eguna ere bada. Iaz esaten genuen inoiz ez zela izan oraingoa moduko Euskal Aberririk. Eta oraingo honetan ere , errealitate hori ikusten dugu, gaurko inguruabar politiko guztien gainetik. Euskadi, gaur da inoiz izan den aberririk sendoena; eta, aurrera egiteko bide honetan, Euskal gizarteak ez du atzera pausurik sekula onartuko. Horregatik, Euskadi Euskaldunon Aberria dela sinesten dugunok arrazoiak soberan ditugu datorren igandekoa gogoan hartzeko eta ospatzeko" gaineratu zuenez.

Ortuzarrentzat, "gu, EAJ-PNVko abertzaleok, Bilboko Plaza Barrian bilduko gara. Goizeko hamaika eta erdietan izango da ekitaldi politikoa, eta bertan izango dira Ibarretxe Lehendakaria eta Iñigo Urkullu EBBren presidentea. Gero, lagun arteko bazkaria izango dugu, inoizko arrakastarik handiena izan duen bazkaria hain zuzen. Geroago, dantzaldia izango dugu Joselu Anaiak taldearekin Arriaga plazan; eta, kirola gogokoago dutenentzat pantaila erraldoia egongo da Osasuna eta Athletic-en artean jokatzekoa den partida ikusteko; hau,kirol aukera paregabea da Aberri Egunerako ere. Bezperan , larunbatean, Euskadiko hainbat menditan kontzentrazioak eta ibilaldiak izango dira Ikurriña gure Herriko tokirik altuenetan jartzeko eta ohitura zaharrari eusteko".

"Aurtengo Aberri Eguna, Euskal Autonomi Erkidegoko hauteskundeen eta hurrengo Europar Legebiltzarrerako hauteskundeen artean kokatzen da. Datak beraz, izaera politiko nabarmena du. Aukera ederra da EAJ-PNVk Euskadirekin eta Euskal gizartearekin duen konpromisoa berresteko. Dauden tokian daudela, Jaurlaritzan zein oposizioan, Euzko Alderdi Jeltzalearen emakume eta gizonok gure hitza eta gure lana ematen dugu egunez egun Euskal Aberria eraikitzeko. Garen guztia ematen dugu Euskal Autonomo Elkartean orain arte lortu dugun autogobernua babesteko eta sendotzeko. Garen guztiz ematen dugu Nafar guztiek beren euskaltasuna askatasun osoz egikaritzeko aukera izan dezaten, eta Iparraldeak instituzio mailako onarpena lor dezan izate politiko eta administratiboa den aldetik".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun