Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren mezua Aberri Egunaren atarian:
Aberri Egunak agerian utziko du beste behin gure herrian espainiar eta frantziar agintariak ezarria duten eta urtez urte luzatzen ari den egoera ez demokratikoaren neurria. Aurten ere milaka izango errepresioaren eta gatazkaren ondorioz Aberri Egunean beraien sorterritik kanpo aurkituko diren euskal herritarrak. Espainiar eta frantziar espetxeetan sakabanatua dauden 750 euskal preso politikoak, munduan zehar barreiaturik dauden ehunaka eta ehunaka iheslari politikoak edo errepresioak eta gatazkak hil dituen ehunaka herritarrak. Euskal Herrian bizi diren baina Euskal Herrian libre bizitzeko eskubiderik ez duten herritarren kasua ere agerian geldituko da, besteak beste Irun eta Hendaia artean. Herritar ugarik ezingo dute Hendaiatik Irunerako bidea egin, tortura eta espetxea ekiditeko ihes egin behar izan zutelako eta ezin dutelako Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lurraldeetan libre izan, espainiar errepresioaren ondorioz. Antzeko egoera bizi dute beste hainbeste euskal herritarrek, espainiar Entzutegi Nazionalak ezarritako neurrian ondorioz, baldintzapeko askatasunean egonik, ez baitzaie baimendua Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroara joatea.
2009ko Aberri Egunaren testuinguruan errepresioak herri hau jotzen jarraitzen du. Atxiloketak, torturak eta espetxeratzeak. Biziarteko zigorra, sakabanaketa eta gaixotasun larriak dituzten preso politikoen egoera. Poliziaren okupazioa ete bortizkeria. Hauteskunde ez demokratikoak. Eskubide politiko eta zibilen ukazioa. Oinarrizko eskubide demokratikoak zangopilatuak dituen herria da gurea, zatitua, ukatua eta etengabe kolpatua.
Errepresiorik eta gatazkarik gabeko Aberri Egunerako bidea egitea dagokigu. Euskal herritar guztiak libre garen egoera da bilatu eta aurkitu beharrekoa. Horretarako espetxeak, torturak, poliziak eta legez kanporatzeak elkarriketa eta akordio politikoari bidea uztea aldarrikatzen dugu Amnistiaren Aldeko Mugimendutik. Gatazka politikoa demokraziarekin konponduko dela argi izanik, errepresioak eta ukazioak demokraziari bidea uztea da gure eskaera. Euskal Herritarren eskubidea da Euskal Herriaz erabakitzea, eta bi estatuena herri honek erabakitzen duena onartzea.
Besterik gabe, datorren igandean Irun eta Hendaia artean burutuko den martxa nazionalean parte hartzeko deia luzatzen dugu. Honez gain, Aberri egunean ere euskal errepresaliatu politikoak gogoan izateko deia luzatzen dugu.
Amnistiaren Aldeko Mugimendua