Yasmin Zamira emakumearen erailketa salatuko dute gaur arratsaldean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko mai. 11a, 15:26
Larunbatean Irunen Yasmin Zamira Rodriguez emakumea labankada batez hil izana eta horren atzean dauden emakumeen aurkako bortxakeria matxista eta jendarte eredu patriarkala salatuko dute gaur Algortan. Hitzordua Emakumeen Mundu Martxaren Plataformak jarri du Telletxe plazan, arratsaldeko 19:30ean. Ustez, bere bikotekide ohiak hil zuen Zamira, Euskal Herrian aurten emakumeen aurkako bortxakeriak eragindako hirugarren biktima bihurtuz, tartean beste bi kasu argitzeke daudela. Erasoa larunbat goizaldean izan zen. Gizonezkoak bere kotxeaz Zamiraren autoa geldiarazi zuen, 37 urteko emakumeak Letxunborro etorbidetik gidatzen zuela. Berarengana hurbildu eta labankada bat eman zion lepoan. Erasoa ikusita andra laguntzera gerturatu zen beste gizon bati ere bi labankada sartu zizkion ustezko eraso egileak. Segada Bidasoa erietxearen aurrean gertatu zen eta laster batean, 4:30ak aldera, biktima sartu eta artatzen saiatu ziren, baina ordubete beranduago zendu zen. Argazkian, aurtengo lehen biktima izan zen Izaskun Jimenezen erailketa salatzeko elkarretaratzea, pasa den martxoaren 27an, Algortan.
Bitartean, laguntzen saiatu zen gizonaren osasuna hobera doa ospitalean eta gaur goizean utzi du Zainketa Intentsiboetako Unitatea (ZIU). Bestalde, ustezko eraso egilea epailearen aurretik pasa ondoren Martuteneko espetxean sartu egin dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun