Zigor Goikoetxea epaituko dute gaur Auzitegi Nazionalean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 14a, 14:26

Zigor Goikoetxea preso getxoztarra Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dute gaur, Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak bere kontra jarritako mehatxu salaketa ebazteko. Epaiketa dela eta, Segoviatik Madril aldeko Navalcarneroko espetxera eraman zuten orain dela hiru aste. Epaiketa urtarrilean egin behar zen, baina Arruek eskatzen zituen 10 urteko espetxe zigorra legez eskatzerik ez zegoenez, epaiketa bertan behera utzi zuten. Orain 6 urteko espetxe zigorra eskatzen diote Goikoetxeari. Baina hori ez da izango eskualdekoentzako Auzitegi Nazionaleko asteko albiste bakarra. Izan ere, etzi eta etzidamu, apirilak 16 eta 17, Marije Fullaondo algortarra Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearengana eramango dute. Garzonek martxoaren 23an erabakitako bere aurkako eta Batasuna, EHAK eta EAE alderdietako beste 43 lagunen auziperatze autoa (pdf) komunikatuko dio. Bertan, ETAko kidetzat jo ditu Garzonek eta, haren ustez, Batasunak EHAK eta ANV "erabili" egin ditu, "ETAk diseinaturiko delitu ekinbidea segitzeko". Marije Fullaondo 2007ko abenduaren 18an atxilotu zuten. Argazkian, urtarrileko epaiketaren bezperan kontzentrazioa egin zuten Algortan, Zigor Goikoetxearen askatasuna aldarrikatzeko.

Zigor Goikoetxea

Alfontso Zenon abokatuak "larritzat" jo zuen Zigor Goikoetxearen kontrako epaiketa, urtarrilean epaitu behar zutela, "dagoeneko aurrekari bat markatu duelako", bere ustez. "Gara" egunkariak egindako elkarrizketan azaldu zuenez, haren kontra, sei eta hamar urte bitarteko espetxe zigorra eskatzen zuten orduan. PPko zinegotzi bati mehatxu egitea leporatzen zioten, nahiz eta bere kontra inolako frogarik ez duten, bakarrik zinegotzi horren hitza. "Kontu nahiko larria da, dagoeneko aurrekari bat markatu duelako. Orain PPko edozeinek Euskal Herriko gazte bat salatzen badu, automatikoki kartzelara joateko arriskua dauka. Bere hitzarekin bakarrik. Eta ez dute beste frogarik behar. Zuk ezetz, baina kartzelara. Horrek, ustezko demokrazia batean, ez luke inolaz ere horrela izan behar", azaldu zuenez. Bitartean, "alderdi politikoek, komunikabideek eta aparatu judizialek eskuz esku aurrera daramaten eraso berri baten aurrean" gaudela salatu du Askatasunak.

Gaixotasuna

Bestaldetik, Goikoetxearen egoera medikoa dela eta abokatuek behin eta berriro eskatu dute kalera ateratzeko. Hala ere, behin eta berriro ere ukatu egin diote, "esanez bere gaixotasunak bateragarriak direla kartzelako bizimoduarekin", Uribe Kostako AAMk salatu duenez. Besteak beste, abenduaren 2an, Segoviako (Espainia) espetxeko funtzionarioek konorte barik topatu zuten Azkorrikoa, patio ordua amaitu eta ziegara bueltatzeko bere bila joan zirenean, bertan bakarrik zegoela. Goikoetxeak berak jakinarazi zien telefonoz etxekoei. Berehala, kartzelako erizaintzara eraman zuten eta "gainetik begiratu ostean" bizimodu normalean jarraitu zuen, errepresioaren kontrako erakundeak salatu zuenez.

Epaiketa Bilbon

Hilaren 23an ere BIlboko Buenos Aires kaleko Bizkaiko Lurraldeko Auzitegian izango du epaiketa Zigor Goikoetxeak, Algortako Kepa Saratxaga, Urtzi Paul, eta Endika Lejarzegi gazte algortarrekin batera. 2002an Getxo udalerrian ospatutako Ibilaldian, Bizkaiko ikastolen aldeko jaian, txosna bat desmuntatzera joan zirenean erresistentzia egin eta kalteak eragitea leporatzen die lauei Ertzaintzak. Bi urteko espetxe zigorra eta isuna jarri nahi diote bakoitzari. Epaiketa eguerdiko 12etan hasiko da, Bilboko Zigor Arloko 6. epaitegian. Aipatu behar da Goikoetxea eta Lejarzegi espetxean direla, beste auzi batzuengatik.

Askatasunaren salaketa:

Alderdi politikoek, komunikabideek eta aparatu judizialek eskuz esku aurrera daramaten eraso berri baten aurrean gaudela salatu nahi dugu Askatasunetik. Euskal Herria salbuespen egoeran aurkitzen da eta modu honetako erasoak eguneroko ogi bihurtu zaizkigu.

Errepresioaren jomugak ezartzen dituzten komunikabideak, gerra tribunalak, polizia torturatzaileak… denak balio du independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko gurutzadan. Azoka batean politiko batzuen aurrean protesta egitea honelako jazarpenekin ordaintzen den egoera bortitza ezarri dute gure herrian, errepresioarekin itsuturik dauden gobernuek.

Aski da!
Muntaia zapaltzailerik ez!
Zigor askatu!

Askatasuna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun