Aurten ere atzerrian ingelesa ikasteko aukera emango diete Sopelako 25 gazteri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 14a, 18:06
Sopelako Udalak 2009ko Ingeles Topaketetan izena emateko epea zabalik dauka jada. Egitasmoa 14 urteko gazteei zuzenduta dago, 1995ean jaiotakoak, eta gutxienez urtebete dela udalerrian erroldatuak daudela. Partaideek Ingalaterra edo Irlandako -zehaztu gabe dago oraindik- familia batekin bizitzeko aukera izango dute, uztaileko lehenengo hiru asteetan, ingelesa ikasteko asmoz. Ordaindu beharreko mila euroek ikastaroa bera, garraioa (joan etorria hegazkinez eta bertoko ikastetxera egin beharko liratekeen bidaiak), asegurua, gazteen ardurapean egongo diren begiraleak eta, gutxienez, hiru irteera barne hartzen dute. Inskripzio orria (pdf) betetzeko epea apirilaren 24ra arte luzatuko da. Hala ere, gehien jota 25 neska-mutilek baino ezin izango dute parte hartu, tokiko iturrien arabera. Horietatik bostek beka jasotzeko aukera edukiko dute, beharrezko agiriak aurkeztuz gero, horiek sosik ordaindu beharko ez dutela. Parte hartu nahi duten pertsonen kopurua edo beka eskatzen dutenarena aipatutakoa baino handiagoa izango balitz, berriz, notario aurreko zozketa egingo litzateke, hilaren 27an. Argazkian, Londresko Big-Ben erlojua.
Beka eskatu ahal izateko, senitartearen errenta aitorpena, oinarrizko errenta edo diru sarrerak azaltzen dituen antzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da. Bestalde, aurre matrikularen ordainketa egiteko epea, apirilaren 28tik maiatzaren 8ra arte izango da. Azken egun horretatik maiatzaren 29ra bitartean, berriz, matrikula osoa ordaindu beharko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun