Espainiako Auzitegi Nazionalean
gaur egindako epaiketan, Zigor Goikoetxea preso getxoztarraren kontrako
mehatxu salaketari eutsi dio Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak. Are gehiago: Azkorriko gaztea ikusteak "beldur izugarria" sortarazten diola adierazi du zinegotzi popularrak,
Europa Press albiste agentziak zabaldutakoaren arabera. Horren hitzak berretsi egin dituzte, gaurkoan, abuztuaren 10eko Algortako San Lorentzo azokan Arruerekin batera omen zeuden Getxoko PPren beste hiru zinegotzik eta bizkartzain batek. Epaiketan Espainiako polizia bik, udaltzain bik eta defentsaren lekuko batek ere deklaratu dute. Istiluak egon zirela esan arren, Goikoetxeari egozten zaizkion mehatxuak ez zituztela entzun adierazi dute horiek. Bitartean, Azkorriko mutilak inolako istilutan parte hartu edota aipatu egunean Arrue ikusi izana ukatu ditu, bere abokatuak egindako galderei erantzunez. Pedro Martinez fiskalaren eta akusazio partikularraren -Arrue bera eta PP- abokatuen itaunak, baina, ez ditu erantzun nahi izan, bere aurkako "xantaia mediatikoa" antolatu dutela salatuz. Bere burua "errugabetzat" jo eta "inoiz, zinegotzi bat berari ere mehatxu egin izana" gezurtatu du Goikoetxeak, bere hitzetan, "Getxoko Udaltzaingoak egindako txostenak dioen hori" ukatuz. Azkenik, sei urteko espetxe zigor eskaera mantendu dute fiskalak zein Arrue eta PPren abokatuek osatzen duten akusazio partikularrak. Epailearen erabakiaren zain gelditu da auzia. Argazkian, Zigor Goikoetxearen askatasuna aldarrikatzeko, abuztuaren 26an egindako manifestazioa /
Etengabe.