Dispertsioaren Aurkako Bira Uribe Kostan ere izango da gaur. Gauzak horrela, 11:30ean auto karabana irtengo da Urdulizetik, eskualdean zehar ibiltzeko. 13:30ean, berriz, ekitaldia egingo dute Algortako Telletxe plazan. Bitartean, sakabanaketa beste kasu baten berri eman du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez. Soriako espetxean, Getxotik 250 kilometrotara bazegoen, are urrunago eramango dute Aimar Hidalgo. Atzo jakinarazi zioten algortarrari Herrera de la Manchako (Ciudad Real, Espainia) espetxera aldatuko dutela datozen egunetan, “tratamenduko arrazoiengatik”, errepresioaren aurkako erakundeak adierazi duenez. Aipatu kartzela Getxotik 598 kilometrotara dago. Aimar Hidalgori, Orkatz Gallastegi berangoztarrari eta Santurtziko Gaizka Gañani zazpi urte, sei hilabete eta egun bateko espetxe zigorra ezarri zieten pasa den 2007ko martxoan, 2000ko abuztuaren 11n Algortan autobus bat erretzea leporatuta. Argazkian, presoen aldeko manifestazioa eskualdean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!