Hiru lagun atxilotu dituzte Leioako supermerkatu batean likore botilak ostea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 15a, 18:09

Ertzaintzak 32 eta 27 urteko bi gizonezko eta 20 urteko emakumezko bat atxilotu zituen atzo Leioako hipermerkatu batean, guztira, 1.500 eurotik gorako balioa zuten produktuak ostea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, zerbitzutik kanpo zegoen Getxoko agente batek dei egin zien ertzainei lapurretaren berri emanez, arratsaldeko seiak pasatxo zirela. Polizi horrek hiru pertsona ikusi omen zituen dendatik ateratzen, ordaindu gabeko hainbat produktu aldean zituztela. Ostutakoa parkingean aparkatuta zegoen auto batean sartu ei zuten. Patruila auto bat bertaratu zen berehala eta agentearekin hitz egin ostean, susmagarriak une hartan saltoki-guneko kafetegian zeudela egiaztatu zuten. Segidan identifikatu zituzten eta, euren autoan, hainbat likore botila aurkitu zituzten beste zenbait gauzen artean, Herrizaingo Sailaren arabera. Hori dela eta, hiru susmagarriak atxilotu eta Erandioko ertzain-etxera eraman zituzten, bertan beharrezko izapideak burutzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun