Asteazkenero jakiak prestatzen ikasteko aukera egongo da Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 15a, 18:55

Apirilaren 22tik maiatzaren 27ra bitarteko asteazkenetan egingo du aurten, sukaldaritza ikastaroa, Berbots Erandion Euskaraz! elkarteak. Gure hizkuntzan, giro apartaz gozatzeko aukera emateaz gain, oinarrizko platerak zein apur bat zailagoak direnak ere egiten erakutsiko dute bertan. Ordutegiari dagokionez, 19:30etik 21:30era izango dira eskolak. Sukaldaritza ikastaroan izena eman nahi duten guztiek telefonoz deitzea besterik ez dute, 630 404 171 zenbakira; edo bestela, mezua idatzi berbotserandio[abildua]telepolis.com e-posta helbidera. Berboskide eta berbalagunek 5 euro baino ez dituzte ordaindu beharko; eta gainontzekoek horren bikoitza. Bitartean, gero eta gertuago dago aurtengo Kanpomartxo. Apirilaren 26an ospatuko dute Kukularran. Argazkian, iaz Martiartun ospatutako Kanpomartxo jaia / Berbots.

Antzina, Erandioko auzo ezberdinetako baserritarrak batzen ziren, apirilaren hasieran aukeratutako egun eta tokian, musika doinuz eta dantzaz beteriko jai egunaz gozatzeko. Finean, erandioztar guztien arteko harremanak sendotzeko balio zuen ospakizunak. Bada, hainbat hamarkadatan galduta egon ostean, orain dela 19 urte berreskuratu zuen baserri giroko euskal jaia Berbots Erandion Euskaraz! elkarteak. Ordutik hona, udalerriko txoko ezberdinak txandakatuz egin dute festa urtetik urtera. Gauzak horrela, apirilaren 26an, igandearekin, Kukularran ospatuko dute aurtengo Kanpomartxo. Eguerditik aurrera, dantzak, bertsolariak, herri bazkaria, kantak, pailazoak eta Luhartz taldearen erromeria edukiko dituzte, egunean zehar, bertan batzen direnek. Besteak beste, Trabudu, Goialde eta Uztargi dantza taldeak eta Algortako Bertsolari Eskola (ALBE) dituzte laguntzaile Berbotsekoek.

Egitaraua:

12:00 Dantzak: Goialde, Trabudu, Uztargi.
13:00 Bertsolariak.
14:30 Herri bazkaria.
17:00 Herri kantak, Kepa eta Robertorekin.
17:30 Umeentzako antzerkia: Potxin eta Patxin.
18:00 Erromeria Luhartz taldearekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun