Etxeratek antolatuta, gaur, apirilak 15, heldu da Uribe Kostara Dispertsioaren Aurkako Bira. Goizeko 11:30ean abiatu da auto karabana Urduliztik eta, eskualdeko herriak zeharkatu ostean, ordu batak aldera iritzi da Algortara euskal preso politikoen sakabanaketaren aurkako ekimena. Telletxe plazan zain zituen 200 lagun inguru. Txalaparta doinu, bertso eta aurresku dantza artean, loreak eskaini zaizkie dispertsioaren ondorioz errepideetan bizia galdutako Antxoni Fernandez eta Mari Karmen Salbideren senideei. Lehenengoak 1997ko martxoaren 14an hil zen, Alcala Mecora, egun etxean preso daukaten bere biloba Anjel Figueroa algortarra ikustera zihoala, aurreko egunean izandako auto istripuaren ondorioz. Bigarrena, 1999ko apirilaren 3an hil zen, bere loba Txetxu Fernandez Algortako presoa bisitatzetik zetorrenean, Langraizko espetxetik. Bitartean, Ertzaintzak, goizean, ekitaldia egingo zen lekuan jarrita zeuden eskualdeko preso guztien argazkiak kendu dituela salatu du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Bakoitza dagoen espetxera dauden kilometroak markatuta zituen. "Halako batean burua estalitako 15 bat ertzain agertu eta argazki guztiak hartu eta eraman dituzte, besterik gabe", errepresioaren kontrako erakundeak azaldu duenez. Orain dela aste batzuk gauza bera egin zuten Arrasaten. Argazkian, Mari Karmen Fernandez Anjel Figueroaren ama eta Antxoni Fernandezen alaba. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!