Bi lagun atxilotu dituzte Algortako bulego batean ostu dutelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 16a, 14:35

Ertzaintzak 23 urteko gizonezko bat eta 16 urteko adingabeko bat atzeman ditu gaur, palanka bat erabiliz Algortako bulego bateko atea ireki eta barruan lapurreta egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, bizilagun baten deia jaso du Ertzaintzak, goizaldeko ordu biak aldera, gertaeraren berri emanez. Poliziak bertaratu direnean, dendatik ateratzean harrapatu dituzte, aparkatuta zegoen auto batean ihes egitera zihoazenean. Susmagarrien ihesaldia galarazteko, ertzainek beren autoa jarri dute aurrean. Bi gizonezkoak identifikatu dituzte segidan eta dendako atea indarra erabiliz irekia izan dela egiaztatu dute; barrualdea hankaz gora zegoen: tiraderak irekita zeuden eta hainbat objektu lurrean zehar botata, Herrizaingo Sailaren arabera. Ertzainek auto barruan palanka bat aurkitu dute, ustez, atea irekitzeko erabilitakoa. Ustez lokal horretatik ostutako hainbat mugikor, diru-zorro bi eta erloju bat ere aurkitu dituzte. Guzti honen aurrean, bi susmagarriak atxilotu dituzte indarra erabiliz egindako ustezko lapurreta delitu bat leporatuta. Atxilotuetako bat adingabekoa izanik, bere familiaren zaintzapean aske utzi dute eta bestea gaur bertan jarriko dute epailearen esku.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun