Maiatzaren 7an, ostegunarekin, Arenas Club futbol taldearen mendeurrena ospatzeko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat hartuko du Bilboko Euskalduna Jauregiak. Gunter Neuholdaren zuzendaritzapean, Miguel Ituarte piano-joleak, Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Ondarreta abesbatza areetarrak eskainiko dute “Cantando al Arenas” emanaldia, iluntzeko zortzietatik aurrera. Sarrerak, 20 euroko prezio bakarra izango dutenak, salgai daude jada iragan martxoaren 27tik. BBKren kutxazainetan, www.euskalduna.net eta www.bbk.es webguneetan, leihatilan edo 944 310 310 telefono zenbakian eskura daitezke. Horrekin batera, “Amigo Arenero” txartela ere aurkeztu dute, ospakizunei begira. Besteak beste, klubaren ereserkia jasotzen duen mendeurreneko CDa, doako sarrerak aipatu ospakizunen karietara antolatutako partiduetarako eta mendeurrenaren liburua erosterakoan %10eko beherapena izango dute txartel hori egiten dutenek. Argazkian, Imanol Landa Getxoko alkatea izan da “Amigo Arenero” txartela jasotzen lehena, Peña Centenario-ko buru Heliodoro Lafuenteren eskutik, atzo Tamarises hotelean egindako agerraldian / Urtzi Altube - Ilanda.eu.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!