Ehunaka lagunek eman diote ongi etorria Jabi Gutierrez "Guti"ri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 19a, 23:07

Ertzaintzak inguruak hartu eta ekitaldi osoa zelatatu bazuen ere, 250 bat lagunek ongi etorri beroa eskaini zioten atzo Leioako Plaza Gorrian Jabi Gutierrez "Guti" preso ohiari. Musuei eta besarkadei, lore sorta, txapela, aurreskua, bertsoak eta txalaparta doinuak gehitu zizkieten "Guti"ren auzokideek, senideek, lagunek eta berriki kaleratutako Maribel Prieto, Amets Ladislao eta Ibai Egurrola preso ohiek (argazkian, "Guti"rekin). Hori guztiori, herri bazkariaren aurretiko ekitaldian. Gutierrezek eskertu zuen jasotako guztia, baita presondegiraino eraman zioten elkartasuna eta abokatuek egindako lana. Esker bereziak eman zizkien "borrokalariei eta EPPK-ren kideei", tartean espetxean izandako lagunei. Horiei esker "askatasuna lortzeko bidea markatuta dagoela" iritzi zion. Horregatik, "independentzia eta sozialismoa lortu arte" borrokan jarraitzeko deia luzatu zuen. Ongi etorriaren audioa (mp3) hemen entzun daiteke. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Baina Gutierrezez gain, hizlari gehiago izan ziren Plaza Gorrian. Berbarako, ezker abertzaleko ordezkari batek egungo irakurketa politikoa egin zuen. Jabi Gutierrezi ongi etorria eman ondoren, "egurra eta toxikazioaren bitartez gurekin bukatuko dutela uste dutenei", berriz, "erratuta" daudela esan zien. Izan ere, "milaka lagunek egindako borrokari esker", egun "independentziaren bidetik aurrera egiteko aukerak zabalik" daudela iritzi zion. Dena den, aurrera pausurik emango bada "nazio bezala jokatuz" izango dela argitu zuen, Irun eta Hendaiako Aberri Egunean erakutsi bezala. Horregatik, borroka "bide bakarra" dela esan ostean, maiatzaren 21erako greba orokorreko deialdiarekin bat egitera deitu zuen Leioako ezker abertzaleak.

Anjel Figueroa eta Jon Bilbao gogoan

Bere aldetik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ordezkariak "salbuespen egoeraren" salaketa egin zuen, EPPKren kideek pairatzen duten egoerarengatik agertu zuela kezka berezia. Lehenik eta behin, preso gaixoak askatu eta etxera bueltatzea aldarrikatu zuen, Anjel Figueroa, etxean baino preso dagoena, gogoratuz. Ondoren, zigorra beteta duten presoak ere askatzea eskatu zuen, tartean, Jon BIlbao Asuako auzokidea, espetxean 26 urte baino gehiago daramatzana. Era beran, preso ohien aurka zabaltzen ari diren zigorrak kritikatu zituen Leioako AAMk.

Bestalde, Etxerat elkarteak antolatutako Sakabanaketaren Aurkako Biraren azken ekitaldira joateko gonbitea egin zuten. Gaur goizean egin da Durangoko Landakon aipatu ekimena. Izan ere, "EAJren laguntzarekin" PSOEk orain dela 20 urte martxan jarritako sakabanaketa politika presoek eta senideek "garaitu" dutela azpimarratu zuen, baina, halere atzean "sufrimendu handia" uzten ari dela iritzi zion. Espetxeetan hildako 22 presoak, istripuetan hildako 16 senide eta lagunak eta guztira senide eta lagunek bidaietan izandako 300 istripuak aipatu zituzten adibide gisa.

Jabier Gutierrez "Guti" leioaztarra pasa den martxoaren 24an askatu zuten, 18.000 euroko fidantza ordainduta. Aurretik, 2008ko abenduaren 8an atxilotu zuen Irunen Guardia Zibilak, Aitor Artetxe ustezko ETAko kideari ihes egiten lagundu izana egotzita. Berarekin batera, Amets Ladislao eta Ibai Egurrola hartu zitzuten atxilo. Operazio horretan Guardia Zibilak bi egun geroago atxilotutako Marimertxe Alcocer algortarrak eta Maribel Prieto berangoztarrak bezalaxe, "bortizki torturatuak" izan zirela salatu zuten hirurek. Egun, guztiak kalean daude.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun