Uribe Kosta elkarteari lurrak utzi ez izana egotzi dio Udalari Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 17a, 14:34

Adimen urritasuna duten pertsonei eta horien senideei laguntzeko asmoz, 1981ean sortutako Uribe Kosta elkarteak Barrikan jarriko du lanerako ikastegi berria, Getxoko PPk adierazitakoaren arabera. Erabakia "penaz" hartu dute tokiko popularrek, euren hitzetan, "horretarako lur-eremurik uzteko ez delako kapaz izan Getxoko Gobernu Taldea". Marisa Arrue PPren tokiko bozeramaileak azaldu duenez, "Aldundiak mahai gainean jarrita zeukan jada zentroa eraikitzeko dirua, eta lurrak egon badaude. Orain gutxi, Lantegi Batuak fundazioari utzi dizkio Andra Mari aldeko orube batzuk Getxoko Udalak, bertan asistentzia zentroa jartzeko". Barrikan bada ere lanerako ikastegia jartzeaz "pozten" den arren, Arrueren hitzetan, "gustatuko litzaiguke gure elkartearen erabiltzaile diren ehunaka familia getxoztarrak udalerrian geratu ahal izatea, bertaraino joan behar izan gabe". Egia da Uribe Kosta elkartea Getxo udalerrian, Areetako Klub kalean zehazki, daukala egoitza nagusia eta oso errotuta dagoela aipatu herrian. Baina, lanerako ikastegiak, eguneko zentroak eta urritasuna duten pertsonentzako etxebizitzak aspalditik dauzka eskualdean barreiatuta: Gorlizen, Neguriko Belauste etxean, Leioako Sarriena auzoan eta Areetako Santa Ana eta Gobela inguruetan, besteak beste. Argazkian, Imanol Landa alkate getxoztarra Neguriko Belauste eguneko zentrora egindako bisitan / Urtzi Altube - Ilanda.eu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun