Preso Politikoen Nazioarteko Eguna dela eta mobilizazioak egingo dituzte iluntzean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 17a, 18:06
Gaur, apirilak 17, mundu osoan zehar Preso Politikoen Nazioarteko Eguna aldarrikatuko da. Horretaz gain, sakabanaketa politika abiatu zenetik 20. urteurrena ere salatzeko ekimen ugari burutuko dira iluntzean Euskal Herriko hainbat lekutan. Eskualdean ere, besteak beste, Leioan auto-karabana egingo dute eta Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazan kontzentrazioa, biak ala biak iluntzeko 8etan eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta. Errepresioaren aurkako mugimenduak zabaldu duenez, mobilizazioak "sakabanaketaren erantzuleen aurrean" egingo dituzte nazio mailan. Horrela, EAJ, PSE eta PSNren egoitzen aurrean elkarretaratzeak deitu dituzte, "20 urte beranduago sakabanaketaren arduradun bezala mantentzen direlako". Irudian, AAMk sakabanaketaren 20. urteurrena dela eta kaleratutako kartela.
AAMren oharra:

Mobilizazioak burutuko dira gaur arratsaldean sakabanaketaren erantzuleen aurrean

EAJ, PSE eta PSNren egoitzen aurrean elkarretaratzeak deitu ditu, 20 urte beranduago sakabanaketaren arduradun bezala mantentzen direlako.

Sakabanaketaren erantzuleen aurrean mobilizazioak ostiralean:

Euskal preso politikoen urruntzeari data zehatz bat jartzea zaila izanik ere esan daiteke espainiar gobernuak Aljerreko negoziaketen ondoren ekin ziola euskal preso politikoak espainiar estatuko espetxeetan sakabanatzeko politikari. Gatazka konpontzeko aukera argi bati muzin egin eta errepresioaren aldeko hautuan berretsi zen estatua, errepresio bide berriei ekinez. Hor kokatzen dugu sakabanaketa politikaren sorrera. Errepresio estrategiaren baitan euskal preso politikoen kolektiboa zatitzeko helburu argiarekin diseinatu zuten sakabanaketa une hartan. Presoak elkarren artetik banandu eta Euskal Herritik ehunaka kilometrora urruntzeak berarekin zekarren bizi baldintzen gogortzea eta presoekiko jarreraren gogortzea.

PSOEk gidaturik PNVk ere parte hartu zuen sakabanaketaren diseinuan, eta diseinu honek helburu argi bati erantzuten zion. Euskal preso politikoak herritik urrunduz eta beraien artean sakabanatuz Euskal Herriko bizitza politikotik apartatzen zituzten. Euskal preso politikoak bakartzea ekarri zuen honek, elkarren arteko komunikazioa zailtzen zuelarik. Honekin guztiarekin preso politikoen izaera kolektiboa ahultzea bilatzen zuten, beraien eragiteko gaitasuna ahultzeko zio argiarekin. Finean kolektiboa zatitzeko apustua egin zuten, presoa pertsona bezala eskubiderik gabeko subjektu bihurtuz , presoa pertsona bezala suntsitzea bilatuz.

Ondoren, espainiar gobernuak marrazturiko gidoiari jarraiki, sakabanaketa politikarekin bat egin zuen frantziar gobernuak ere, estatu frantziarreko espetxeetan euskal preso politikoak sakabanatuz eta isolatuz.

Larriak izan dira urteotan sakabanaketak utzi dituen ondorioak. Presoen heriotzak, senideen heriotzak, istripuak, bakartzea, osasun asistentzia eza, komunikazio eza, zigorgabetasunaren areagotzea, etengabeko lekualdatzeak, jipoiak. Espetxe politikarik ankerrenaren aurpegia bihurtu da sakabanaketa.

Sufrikario asko eragin dio sakabanaketak barruan dagoenari, baita kanpoan dagoenari ere. Baina 20 urte geroago esan dezakegu sakabanaketaren helburu politikoek porrot egin dutela.

Euskal preso politikoen duintasunak aurre egin dio egunero-egunero dispertsioari. Espetxez espetxe, moduluz modulu, izaera kolektiboa mantenduz, nortasunari eutsiz garaitu du euskal preso politikoen kolektiboak sakabanaketa. Honez gain, herri honen gehiengoak argi eskatu du behin eta berriz sakabanaketarekin amaitzeko. Bere garaian sakabanaketa bultzatu zutenak, hitzez sakabanaketaren aurka azaldu dira ondoren, herriz herri egindako lanak eta aldarrikapenak horretara bultzatuta. Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialak eskatu die bi estatuei sakabanaketarekin amaitzeko.

Hauek hala ere berearekin jarraitzen dute. Eta azken asteotan egin dituzten adierazpenek argi erakutsi dute sakabanaketaren ondorioetan sakontzeko apustuan jarraitzen dutela. Beraz gure aldetik sakabanaketaren aurkako presio soziala areagotzeko beharra mahai gainean jarri nahi dugu. Sakabanaketak politikoki porrot egin duela esan dugu aurrez, baina sakabanaketak hor dirau oraindik orain bere ondorio guztiekin. Beraz, sakabanaketarekin amaitzeko lan handia dugu aurrean.

Egunotan ekimen ugari burutzen ari dira Euskal Herriko hamaika txokotan sakabanaketaren aurka. Amnistiaren Aldeko Mugimendutik dei egin nahi dugu datorren ostiralean, preso politikoen nazioarteko egunean, PNV, PSE eta PSNren egoitzen aurrean antolatu ditugun elkarretaratzeetan parte hartzera. Sakabanaketa politikaren sorreraren arduradun nagusiak izanik, 20 urte geroago beraien ardurak bere horretan mantentzen direla ikus dezakegu, tarteka beraietako batzuk bestelako adierazpenak egitera behartuak sentitu izan badira ere.

Bestalde, egun hauetan burutuko diren ekimen guztietan parte hartzeko deia ere luzatzen dugu hemendik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun