Puntako taldeak izango dira asteburuan Bizkerrek antolatutako emakumeen futbol txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 17a, 18:29

Rayo Vallecano Taldea izango da Bizkerrek antolatutako Getxoko Emakumeen III. Futbol Txapelketaren nobedade nagusia. Larunbat eta igande honetan jokatuko da Bolua eta Fadurako udal futbol zelaietan. Madrildarrak gurean izango direla ikusita, aurrekoetan ez bezala, Athletic-ek emakumezkoen lehenengo taldea ekarriko du Algortara. Rayo Vallecano Superligako egungo liderra da. Bi talde horiez gain, torneoko iazko txapeldun Oviedo Moderno, Bartzelona, Prainsa Zaragoza eta, nola ez, Bizkerre, lehiatuko dira asteburuan. Txapelketaren aurreneko fasean, bihar, bi multzotan banatuta jokatuko dute taldeek. A multzoan, Athletic, Prainsa eta Bizkerre izango dira eta B multzoan, Bartzelona , Oviedo Moderno eta Rayo Vallecano. Multzo bakoitzeko taldeek elkarren aurka jokatuko dute goizeko 10etatik aurrera, Boluako zelaietan, eta partida bakoitzak 25 minutuko bi zati izango ditu. Finalerdiak eta finala, berriz, etzi jokatuko dira. Finalerdiak Boluako zelaietan izango dira 10etatik aurrera ere, 25 minutuko bi zatiko partidatan. Azkenik, finala, Faduran jokatuko dute eguerdiko 12etan, 40 minutuko bi zati izango duen norgehiagokan. Berdinketa gertatuz gero, 10 minutuko luzapena izango da eta "urrezko gola" sartzen duenak irabaziko du. Taldeek berdindurik jarraitzen badute, penalti txanda izango da. Finala hasi aurretik emakumezkoen futbolaren “Getxo” marka aurkeztuko dute modu ofizialean. Argazkian, Bizkerreko neskak aurreko partida batean.

Imanol Landa Getxoko alkateak lagunduta aurkeztu zuen Jose Maria Bravo Bizkerre futbol taldeko presidenteak, joan den asteartean egindako prentsaurrekoan, Getxoko Emakumeen Futbol Txapelketaren aurtengo edizioa. Udal agintariak adierazi zuenez, “bizitza laburra badu ere, txapelketa hau Estatuan emakumezkoen futbolaren jai nagusienetakoa da. Jokalariek, maila gorena eta giro aparta izan ohi duen lehiaketa jokatzeaz gain, adiskidetasun harremanak abiatzen dituzte, txapelketan zehar mahai berean esertzen baitira eta bestelako ekitaldietan batera parte hartzen baitute. Esate baterako, aurten Bizkaiko Zubira egingo dute bisita gidatua”. Horregatik guztiagatik, herritarrak animatu ditu alkateak Emakumezkoen Futbol Txapelketa ikustera hurbil daitezen, "erakargarri asko eta asko baititu". “Nabarmendu nahi dut, gainera, andrazkoen kirolaren alde udalerrian egiten ari den lana, eta bereziki, futbolaren alde, Bizkerreren ekimena bezalakoari esker bidea egiten ari delako”, zehaztu zuen Landak.

Bizkerre taldeko buru Jose Mari Bravok, bere aldetik, esan zuen “talde hauen presentziarekin emakumezkoen futbola ezagutu eta bultzatzeko urrats bat gehiago emango delakoan gaude. Ziur nago txapelketa berriro ere arrakastatsua izango dela eta bai gure udalerrian bai geure Taldean emaitza onak utziko dituela”. Hogeita hamar urtetik gora Getxo udalerrian futbola eta, batez ere, emakumezkoena bultzatzen ari den elkartea da Bizkerre. Halaber, Bravok aurreratu zuen harremanetan ari direla talde ingeles eta frantziarrekin, datorren urtean txapelketa nazioarte mailakoa izan dadin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun