Larunbat honetan
Arenasek Gobelan jokatuko duen partida berezia izango da. Ekitaldi ugari egingo dira Zarautzen aurkako norgehiagoka ofizial horren inguruan. Mendeurrenaren kamiseta estreinatuko da bihar bertan. Kamiseta berria Dario Urzayk diseinatu du eta
aurreko astean aurkeztu zuten. "Arropa berriak onarpen handia lortu du, eta seguruenik are gehiago asteburuko hitzordutik aurrera", futbol talde areetarreko arduradunek adierazi dutenez. Eta diseinu berri hori ikusteko, ordaindu beharrik ere ez da egongo. Biharko sarrera librea izango da, Gobelako harmailan jende mordoa egotea nahi dute eta, hain egun berezian. Arratsaldeko 5etan hasiko den partidaren ohorezko sakea Imanol Landa alkate getxoztarrak egingo du. Norgehiagokaren atsedenaldian, gainera, Arenas eta Romoko beheko mailetako taldeei omenaldia egingo zaie, klub bien harrobiak batu ondoren. "Gogoratu behar dugu Arenasen gazteen taldeak denboraldi honetan Estatuko gazteen kategoria gorenera igotzea lortu duela, Ohorezko Dibisiora alegia, historian bigarren aldiz", zehaztu dutenez. Argazkian, Iñaki Zuazo klubaren presidentea eta Dario Urzay kamiseta berriak eskuetan.