Hiru urte pasa dira dagoeneko "Corren malos tiempos..." grabatu zuenetik eta algortarrak bi lanen arteko desberdintasunak argi ikusten ditu: "lehenengo diskoa positiboagoa zen, jendeari gogoak eragiteko, bere gauzatxoak egitera animatzeko xedeaz. Oraingoak, berriz, indar gehiago ematen du, dagoeneko borrokan ari den jendeak etsi ez eta jarrai dezan. Sakonagoa da, jada iniziatuta daudenentzat egina baita" dio "Largo"k. "Agian ez da aurrekoa bezain gustukoa izango, sakontasun hori dela eta", aipatzen du zalantzan.
Bartzelonan ere, lagunak buruan
"Bartzelonan gaizki pasatu nuen eta hori nabaritzen da. Beldurra darie abestiei baina baita aurrera jarraitzeko gogoak ere. Garai ilun horretan, Aner, Lander eta enparauen aurkako sarekada izan zen", gogoratzen du TPCren kide bakarrak. Horregatik, "borrokatzen duten guztiei eta bereziki Lander" Labajori dedikatu die diskoa, "haiek irakatsi bainaute eusten".
Baina garai txarraren ostean, lan garaiak etorri zitzaizkion. "Olokausto taldekoak bezala nik ere 'Erditzera goaz' jarri ahal izan diot CDari, 2008ko ekainetik aurrera 9 hilabete eman bainituen grabatzen, baina benetan ernaldiak aurretik beste bi urte iraun ditu, Katalunian konposatzen emandakoa, beraz" dio algortarrak.
Dena den, kanta guzti-guztiak ez dira soilik katalanak. Gustukoena duena eta diskoa ixten duena, "Bajo el mismo cielo" lagunei dedikatutakoa da, eta aldi berean haiei emandako despedidea eta Kataluniarekin topo egiteko abestia da. Era berean, "Corren malos tiempos..." diskoan abiatutako "Sin remite" abestiari amaiera eman dio oraingo honetan. "Aita presoak semeari bidalitako gutuna zen hori. Orain erantzuna dator 'Contigo' eta 'Salud y violencia' abestien bidez. Hirurek trilogia bat osatzen dute, bi urtez han-hemenka abesten eman ondoren azkenik grabatu ditudanak, guztiak batera".
Diskoa ez da sarean izango
Aurreko diskoan bezala, TPCk piraterian sinisten jarraitzen du eta diskoan bertan animatzen du berau kopiatu eta partekatzeko. Alta, oraingo honetan ez du sarean jarriko: "Popatik eman diezaiotela Interneti", dio "Largo"k. "Ez da diruagatik. Aurreko CDa Interneten jarri nuen eta oso erantzun ona izan zuen, baina disko hau ez dut igoko, Interneten dena abiadura bizian doalako, gauzak ez direlako estimatzen ezta disfrutatzen ere. Jaitsi, entzun eta bota, dena di-da, fite, azkar egiten delako, musika produktua besterik ez balitz bezala. Nik jendeak pirateatzea nahi dut, aspaldian bezala, CDa eskuz-esku ibiltzea, uztea, kopiatzea... baina harremanak, elkarrizketak eragiten. Bestalde, ondo legoke jendea nolabait behartzen kultur ibilbide alternatibotik igarotzen: Gatazka, Eztabaida, DDT, Magdalena, Traficantes..." irizten dio kantautoreak.
Abestiak zuzenean entzun nahi duenak gaur du aukera, beraz, Itzubaltzeta / Romoko gaztetxean 22:00etik aurrera. Aukera hori galtzekotan hilaren 25ean, larunbatarekin, Bilboko Unamuno plazan izango du oraingoz "Largo"k lotutako azken kontzertua, CNTk antolatutako liburu anarkisten topaketen barruan, arratsaldeko 6etan. Horretaz gain, oraingoz ez du emanaldi gehiagorik buruan eta aitortzen du "apur bat nekatuta" ere dabilela. "Hori bai, ez nuke Hego Amerikatik jira bat egiteko aukera galduko, aukera hori aurkeztuz gero, bertan erantzun handia izan baita saretik jakin dudanez".
Baina, entzuteaz gain, CDa erosi nahi duenak gaur Itzubaltzetan edota edozein egunean Eztabaida gune antiautoritarioan dauka horretarako hitzordua. Lau eurotan lortu ahal izango du, aparteko material guztiarekin.