Korrikari diru laguntza kentzea eskatu dio Udalari Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 18a, 14:35

Korritu behar zuen lehenengo aldian, Korrikari kilometro bat erosteagatik eman beharrekoa ez ordaintzea erabaki zuen orain hiru aste UPNren Nafarroako Gobernuak. "Terrorismoa goretsi izana" leporatu zioten euskararen aldeko lasterketari. Antonio Basagoiti Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PPren presidenteak ere existitzen ez den "Korrikarako zuzeneko subentzioa" ezeztatzea eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Orain, Getxoko PPk egin du berea, Korrikarako onartutako 1.500 euroko diru laguntza ez emateko eskatuz Udalari. Marisa Arrue bozeramaile popularraren hitzetan, "terrorismoaren apologia egin zuten hainbat parte hartzailek, ETAko presoen argazkiak eta erakunde terroristaren aldeko kartelak erakutsiz". Hori argudiatzeko "UK" aldizkariaren 155. zenbakian agertzen den argazkietako bat bidali du komunikabideetara, prentsa oharrarekin batera, Getxoko PPk; irudia "UK"ren jabegokoak izanik, ezin direla erabili zehaztuz. "Oharrean esandakoa frogatuta geratu dadin bidaltzen dugu", adierazi dutenez. Heldutako irudian, baina, preso baten argazkia baino ez da agertzen, ikusgarri behintzat: Zigor Goikoetxearena, Arruek berak jarritako salaketaren ondorioz espetxean dagoen eta asteartean epaiketa egin zioten Azkorriko gaztearena hain zuzen ere. "UK" aldizkariaren aipatu aleko portada ere helarazi dute PPkoek, Korrikan adin txikikoak parte hartzen dutela argudiatuta, "hori eman diezaiekegun ikasbiderik onena ez dela" aipatzeko.

Aurrerantzean Korrikari diru laguntzak ematea berraztertzea ere eskatu dio Udalari Getxoko PPk. Subentzioak euskararen aldeko lasterketaren "zuzentasuna" kontutan hartuta baldintzatu nahi dituzte. Arruek adierazi duenez, "ezin daiteke onartu, ustez kulturalak izanda, ETAko presoak eta erakunde armatua goraipatzeko ekimenak bihurtzen diren ekitaldiak diruz laguntzea".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun