CRC Madrilen aurkako partidan, Getxo Rugby ondo moldatu zen lehenengo zatian, baina ondoren adorea eta sasoia galdu zuten getxoztarrek. Lehenengo zatian egindako erakustaldia Jeremias Palumbo argentinarrari zor diote, berak egin baitzituen puntu guztiak, 15 eta 19 garaitzeko atsedenaldiaren orduan. Bigarren zatian, 20 minutuz Getxok eutsi egin zion, nahiz eta ja partida berdinduta egon. Madrilek Feijoo, Tudela eta Cabralen bidez eskuratutako puntuei soilik erantzun zien Palumbo, berriro ere, eta 25 eta 22 markagailua erdietsi zuen, jada galeran sartuta.
Baina, hortik landa Getxo Artearen makaldia bizkortu egin zen, egindako ahalegina ordainduz. Gainera, Palumbok kolpe handia hartu zuen sudurrean eta utzi behar izan zion jokatzeari, CRC Madril bere jokalariak etengabe berritzen zituen bitartean. Dena den, Feijoo, Tudela eta Cabral izan ziren berriro Getxo zigortzeko arduradunak. Jabitxin eta Karraren taldean, soilik Pablo Rey izan zen aurre egiteko gauza, baian behar zutenetik oso urrun. Reyk eskuratutako entseguarekin 39 eta 27 jarri zen partida, ondoren dena maldan behera joan zela 53 eta 27 bukatu arte.
Autokritika
Hamar partida jarraian galdu ostean, nekez sinets zezaketen azken unean kategoriari eutsiko ziotenik baina Getxoko errugbylariek eta teknikoek zuten azken fede puntua desagertzean kolpe gogorra izan zen guztientzat. Partida galdu eta minutu batzuetara, lasaiago, prentsarekin mintzatu zen Jose Luis Martinez "Karra": "ezin izan da. Saiatu egin gara, minutu askotan hor izan gara, baina egun gu baino talde indartsuagoa dira. Urte ia osoan zehar jokalari gutxirekin etorri gara eta baita erdi lesionatutakoekin ere. Eta hori oztopo handia izan da. Horri gehitzen badiogu haiek aldaketaren bat egiten zutenean ohiko titular bati sarrera emateko zela, emaitza berez azaltzen da".
Baina, "Karra" haratago joan zen bere hausnarketan: “orain kontzientzia azterketa egin beharra daukagu. Zertan huts egin eta zetan asmatu dugun ikusi beharra dugu, eta hortik hasita datorren Ohorezko B mailako denboraldiari begira lan egiten hasi behar dugu", iradokitzen zuen. “Urte osoko analisia egin behar dugu, hotzean, baina gure miserietan galdu gabe, alderdi positiboa bilatuz eta emaitzak ateraz", proposatu zuen teknikariak.