Athleticek jokatuko duen Kopako finalerako pantaila erraldoiak jartzea eskatu du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 20a, 16:16

Maiatzaren 13an jokatuko du Athleticek Espainiako Erregearen Kopa Valentzian, Bartzelonaren aurka. Klubak dagoeneko 14.800 sarrera zozketatu ditu bazkideen artean eta peña bakoitzeko bina sarrera eman ditu. Foru Aldundiak dituen 110 sarrera eskuratzeko zozletan dagoeneko 120.000 lagunek eman dute izena. Interneten, boligrafoak eta txiskeroak eros daitezke 300 eta 400 euro artean, norgehiagokarako sarrera opari. Era berean, San Mamesen, Bilboko La Casilla polikiroldegian, Santutxun, Barakaldoko BECen, Gallartan, Muskizen eta Galdakaon, besteak beste, pantaila erraldoiak jarriko dituzte partida jarraitzeko. Katedralerako 40.000 bat sarrera agortu ziren pasa den martxoaren 30ean, salmentan jarri eta hiru ordutara. Euforia hori guztiori zabaldu baino lehen, orain dela hilabete batzuk, Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordea jada harremanetan jarri zen Getxoko Udalarekin, Santa Eugenia plazan pantaila erraldoi baten aukera aztertzeko. Oraindik orain ez dute publiko egin azkenean pantaila hori jarriko duten ala ez. Eta partidarako hiru aste falta direnean, Getxoko Alderdi Popularrak Udal Kultura Batzordeari udalerriko plaza nagusietan pantaila erraldoiak jartzea eskatu duela iragarri du gaur. Argazkian, Getxoko udaletxea Athleticen koloreekin jantzi zuen Gobernu Taldeak finalaurrekoetan / Urtzi Altube - Ilanda.eu.

Marisa Arrue bozeramaileak azaldu duenez, "Areetan eta Algortan pantaila erraldoi bana jartzea proposatzen dugu, baina nahi duten getxoztarrak leku publiko batean batu eta Athletic batera animatzea da garrantzitsuena. Pantailak jartzeko toki egokienak Areetako Xake plaza eta Algortako San Nikolas plaza izan daitezkeelakoan gaude. Dena den, jakina, prest gaude lekurik hoberenak aztertzeko eta beste lekuren batean jarri behar dela uste bada, PP ez da aurka paratuko". Popularrak aurreratu duenez, "eskaera honek Gobernu Taldearen oniritzia izango duela espero dugu eta datorren maiatzaren 13an horrela nahi duten getxoztarrek udalerriko hainbat gunetan biltzeko aukera izan eta, zorte apur batekin, Kopako finalean Athleticen garaipena ospa dezatela".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun