Pasa den urtean bertan 390 atxilotu burutu zituzten polizia gorputz ezberdinek. Errepresioaren aldeko apustu itsuan jarraitzen dute Rubalcaba eta enparauek, eta horretarako gobernu faxistek ohikoa duten gerrarako propagandarekin nekatzen gaituzte polizia operazio bakoitzaren ondotik. Komunikabide nagusiak bozgorailu bezala hartu eta gezurra eta manipulazioa egunerokoak bihurtu dira gatazka politikoarekin lotura duen edozein gertaeren aurrean.
Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa eskubide demokratikoen ezarpenarekin etorriko da, ez salbuespen egoeraren ezarpenarekin. Luze baino lehen gatazka politikoaren konponbidean urratsak emateko deia egiten dugu Amnistiaren Aldeko Mugimendutik, herri honen eskubideetan oinarrituriko akordiorako bide bat irekiz, gatazka politikoari irtenbide politiko bat ematearen alde eginez.
Bitartean errepresioari aurre egiteko deia egiten dugu. Amnistiaren Aldeko Mugimendutik datozen egunetan Durangon eta Gasteizen burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, eta aurrerantzean ere modu honetako erasoen aurrean mobilizatzeko eta erantzuteko deia egiten dugu.