Gidariei droga kontrolak egiten hasi da Getxoko Udaltzaingoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 20a, 18:22

Getxoko Udalak jakinarazi du gaur bere udaltzainek droga kontrolak egiten dizkietela gidariei. Horrela onartu dute tokiko iturriek alkoholaren eraginpean ibili delakoan gidari bat atxilotu dutela zabaltzeko prentsa oharrean. Emandako informazioaren arabera, gaur egindako alkoholemia eta drogei aurre egiteko kontrola 2007 eta 2010 bitarteko Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoaren baitan kokatzen da. Egitasmoa gaur abiatu dute elkarlanean Udaltzaingoak eta Ertzaintzak eta maiatzaren 3ra arte luzatuko da. Gaurko atxiloketari dagokionez, udaltzainek andrazko bat atxilotu dute gaur eguerdian Algortan, baimendutako alkohol tasaren halako hiru gehiagorekin gidatu duelakoan. Udaltzainek bide segurtasunaren aurkako delitu bat egotzi diote. Gertaera 13:00ak aldera izan da, Algortako Telletxe eta Bidezabal kaleek bat egiten duten gunean. Bertako kontrolean autoa gelditu eta gero, gidariak, 47 urteko andra getxotarrak, alkohola edan duen ala ez jakiteko proba egin behar izan du eta autoarekin ibiltzeko baimendutako tasa hirukoiztu egin du, Udaltzaingoaren arabera. Horregatik atxilotu egin dute eta aste honetan bertan egingo den epaiketa azkarrerako eguna finkatu dute. Argazkian, Getxoko Udaltzaingoak egiten duen ohiko alkoholemia probaren artxibo irudia.

Getxon asteburuan izandako beste kontrol prebentiboak direla eta, Udaltzaingoak beste hiru lagun atxilotu eta epailearen esku utzi ditu, bide segurtasunaren aurkako hainbat delitu egotzita: bik positibo eman ei dute alkoholemia proban eta gidaritzan eragin dute, eta beste batek ez zuen Gidatzeko Baimenik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun