Areetako Sener Gazako sarraskiaren "erantzule" dela salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 20a, 20:57

Goizeko 11etan Bilboko Kale Nagusian dagoen foru jauregitik abiatuta, joan den larunbatean, Areetan egoitza duen Sener eta Barakaldoko Precicast armagintza enpresetara egin zuten bizikleta martxa Kakitzat, Askapena, Komite Internazionalistak eta Ekologistak Martxan taldeek. "Gazan, palestinarrek jasandako sarraskian, euskal armagintza enpresek daukaten erantzukizuna" salatu zuten modu horretan aipatu eragileek. Hala ere, ez zieten erraz jarri txirrindulariei. Ertzaintzarekin eztabaidan ibili ostean (argazkian), Presicast enpresaren ateetara hurbiltzen ez zieten utzi antimilitaristei, Kakitzatek salatu duenez. Barakaldoko Guardia Zibilaren kuartelaren ondo-ondoan dago hori.

"Armagintza politika honek sufrimendua, gerra eta suntsipena baino ez dakarzkie politika hau berau pairatzen duten herriei azken aste hauetan Gazan gertatu den moduan", nabarmendu dutenez. Besteak beste, gaur egun, "Gazako sarraskian erabilitako sentsore batzuk" diseinatzen ari da Sener, Kakitzateko kideen arabera. Aipatu dutenez, "sentsore hauek bonbardatu nahi den helburua ardaztu eta aurkitzeko balio dute. Zehazki, 2001etik aurrera parte hartzen du IHU unitateen fabrikazio eta garapenaren proiektuan, Israelgo Rafael armagintzaren Reccelite errekonozimenduko 'pods' oinarrizko osagaia". Horretaz gain, Eurofighter europar konbate-hegazkinaren zein KEPD-350 Taurus gurutzaldi-misilen osagaiak egiten ditu. Precicastek, berriz, Airbus A400M garraio militarrerako hegazkinaren piezak eta europar konbateko hegazkinak egiten ditu.

Industria militarraren birmoldaketa

Antimilitaristek gogoratu zutenez, "Espainiako Estatuan diren arma fabriketatik bi herenak euskal lurraldetan daude lekututa eta, guztira, 900 milioi euroko irabaziak izan zituzten 2007an; aurreko urtean baino %15 gehiago". Salmenta "lazgarri" horien hartzaile dira, besteak beste, AEB, Ingalaterra, Maroko, Egipto, Brasil, Mexiko eta Argentinako Defentsa ministerioak eta armadak, euren hitzetan. Era berean, txirrindulariek salatu zuten bai Sener eta bai Precicast zein armagintzako beste enpresak Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta daudela. Hartara, "administrazio publikoren aurrekontuen desmilitarizazioa eta armagintzei diru-laguntza atzera-egitea" eskatu zuten talde antimilitaristek. Bestalde, "industria militarraren birmoldaketa" exijitu zuten, hori "helburu zibiletarako" erabiltzeko. Erakundeek azaldu zutenez, "Debako beste enpresa askok XX. mendean zehar egin bezala, Orbeak pistolak egiteari utzi eta bizikletak ekoizten hasi zen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun