Eunate Agirre sopeloztarra bigarren izan da Hawaiko (AEB) Oahu irlan joan den astean jokatu zen Women's Pipeline Pro txapelketako 20. edizioan, Puerto Ricoko Luz Marie Granderen atzetik. Hawaikoa izan da Ibatour 2009 Bodyboard Munduko Zirkuituko lehenengo proba. Munduko "rider" indartsuenetakoa dela erakutsi du Agirrek, batez ere azken saioetan. Horrela, bi metrotik gorako olatuen artean finalera sailkatu den europar bakarra izan da, eta hirugarren postuan utzi du egungo munduko txapelduna den Neymara Carvalho brasildarra, Luz Marie Grande garaitu ezin izan ez duen arren. Modu honetan, sopeloztarrak 1.290 puntu pilatu ditu egungo sailkapenean eta indarrez ekingo dio Munduko Zirkuituko bigarren lehiaketari, martxoaren bukaeran Brasilgo Santa Catarina irlan jokatuko den Katherine Melo Pro txapelketari, alegia. Argazkian, Eunate Agirre sopeloztarra bere aurkari Neymara Carvalhorekin Ibatour 2009 bodyboard mundialerako prestatzen.