![](http://farm4.static.flickr.com/3515/3462479185_643b83ebe8_m.jpg)
Joan den larunbatean, Horta klub katalanaren kontra 15-16 galdu arren, beste urte batez, Espainiako Waterpolo Ligako Lehenengo Mailan jarraituko du Leioako
Askartza taldeak. Manresa eta Universitat Autonoma taldeek elkarren artean berdintzea izugarrizko mesedea egin zien leioaztarrei. Izan ere, ez zen Askartzaren partidarik onena izan asteburukoa. Lehenengo laurdenetan 7-4 eta 4-3 partzialak lortu arren, maldan behera joan ziren pixkanaka Leioakoak. Bazirudien norgehiagoka kontrolpean zeukatela, baina Hortak urrunetik egindako jaurtiketak min handia egin zien Askartzakoei. Azkenengo bi laurdenetako partzialek argi eta garbi erakusten dute: 2-4 eta 2-5. Mailari eutsi arren, jokalari leioaztarrek ezin izan zioten agur esan, garaipen batekin, Gorka Martinez de Osaba kapitainari. Bere azken partidan, aretoa bete zuten ikusleen txalo beroak jaso zituen. Argazkian, Askartzako jokalariak entrenatzailearen aginduei adi, larunbateko partidan.