Itxaso Paya eta Arrate Illaro Hernandorena Sariaren finalerako sailkatu dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 21a, 21:08

Bertsolari gazteentzako Hernandorena Sariaren finalerako sailkatu ziren pasa den larunbatean Itxaso Paya eta Arrate Illaro algortarrak, Maulen egindako saioan. Bolada onean daude eskualdeko bertsolariak, pasa den martxoaren 27an Ipar Uribek Bertsolari Gazteen BBK Sariketa irabazi ostean. Kazeta.info-k jakinarazi duenez, Zuberoako hiriburuan, Zinka ostatuan, izan zen Hernandorenaren hirugarren eta azken kanporaketa eta bertan Eñaut Uruburu, Maiana Irigoien, Txomin Elosegi eta Mizel Mateo izan zituzten bertso lagun algortarrek. Saio jendetsuan, parekatuan eta euskalki zuberotarrak zipriztindutakoan, ALBEkoak nagusitu ziren, Itxasok lehen postua bereganatu zuela, 198 punturekin. Doi-doi irabazi zion Arrateri, bi puntura gelditu zela. Gauzak horrela, biek eskuratu zuten larunbatean, apirilak 25, Aiherrako finalean abesteko txartela. Bertan, Ekhi Erremundegi (azken Abra Sarian txapeldunordea), Patxi Iriart, Unai Gaztelumendi, eta Ximun Cazaubon izanen dituzte zain.

Hirugarren, laugarren eta bosgarren Maiana Irigoien, Mizel Mateo eta Txomin Elosegi geratu ziren, 189na punturekin. Azkenik, Eñaut Uruburuk 177 puntu erdietsi zituen.

Saiorik borobilena zortziko handian Payak eta Illarok abestutakoa izan zen. "Bi haur zirezte, gau huntan iratzarri zirezte aita eta ama elkarri mokoka baitaude" jarri zieten ofizioko gai bezala. Lehenengo bertsoan honako hau galdegin zion Arratek Itxasori: "aita ta ama mokoka daude / eguneroko pastela / eta ez ahaztu urte osoa / pasa dutela horrela / amak esan du: isildu zaitez / banatuko naiz bestela / uste al duzu oraingo hontan / benetan izango dela?". Payatarrak jarraitu zion: "gauero legez esango dizut / beldurra dela seguru / gure aurrean elkarri muxu / ematea dute helburu / baina gauetan haserretuta / ai ene zenbat apuru! / ateak ixten dituzte baina / guk berdin entzuten dugu".

Arrate ezkorra paratu zen gurasoen harremanari begira: "bai egia da ate atzean / ibili gara luzaro / ta biak horrela ikustean / ez al da onena: akabo/ aita ta amaren harremanean / dena oso argi dago / euren burua maitatzen dute / bestea baino gehiago", baina ez zuen ahizpa konbentzitu: "maite gaituzte asko gainera / zuk bota duzu itzela / kontua hori da gu haurrak gara / ta jardun behar horrela / behin Super 1en ikusi nuen / esaten zuten honela: / amodioa ta gorrotoa / oso lotuta daudela".

Arrate, badaezpada ere, bere jarrera hartu zuen gerta ala gerta: "baina banatzen hasteko dute / berriz lotzeko indarra / eta badakit badaukatela / irri egiteko beharra / nik amarekin gelditu nahi dut / esatea ez da txarra / bera da eta gauero muxu / ematen digun bakarra".

Eta Itxasok, agian Mireiaren rolean sartuta, horrela esan zion bere papera eman zion Arrateri: "belarri biak tapatu eta / lotan behar dugu jarraitu / sortu gaituzte eta hemen gaude / eta ezin eurak epaitu / hara, Itsaso, bi ahizpa gara / beti irribarrez beitu / elkar maitatzen duen norbaitek / sortu behar izan gaitu".

Aiherrako finala larunbatean kjokatuko da Denen Etxean, 19:30etik aurrera. Gai emailea Joana Itzaina izango da. Bertaratu nahi duenak aurretik txartelak eska ditzake Bertsularien Lagunak elkartera deituz edo idatziz. Telefonoa 0033 559 541 504 da eta posta elektronikoa bertsularien-lagunak[abildua]wanadoo.fr.

(Xehetasun guziak: www.hernandorena.info)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun