Mundialtxoa urteroko hitzordu garrantzitsua bilakatzen ari da, Lamiakoko futbol zelaietan bat egiten duten atzerriko futbol zaleen artean, BBKk adierazi duenez. Lehiaketa da, baina batik bat, gizarteratzearen eta kulturen bateratzearen festa handia izan nahi du. Horregatik, aipatutako lehiaketez gain, dantza ekitaldi ugari eskaintzen ditu, tartean inaugurazio ekitaldikoak, ASMUL elkarteko taldeen eskutik. ASMUL erakundea Lamiakoko futbol zelaietan sortu zuten bertan maiz batzartzen zirenek, tokia biziberritu eta topagune atsegina bilakatzeko.
Bilboko San Mames futbol zelaia izango da berriro Mundialtxoaren finaleko agertokia. Bertan neurtuko dira uztailaren 4an sailkatze saioa gainditzen duten talderik onenak, BBKko iturriek jakinarazi dutenez. Atzo egin zen lehiaketan esku hartuko duten 28 selekzioen zozketa. Lamiakoko futbol zelaian, ekaineko asteburuetan jokatuko den sailkatze fasea nortzuk osatuko duten jakin zen, beraz. Selekzio horien artean izango da Euskadiko emakumezkoen hamaikakoa. Aipatu bezala, final handia San Mamesen jokatuko da berriro. Iaz, nazionalitate ugaritako 14.000 ikusle inguru joan ziren bertara, Brasil eta Boliviaren arteko finala ikusteko. Lehiaketa Boliviak irabazi zuen azkenean. 2009ko Mundialtxoa, inaugurazio festa koloretsu baten bitartez hasiko da ekainaren 6an, Lamiakon bertan. Bertoko zelaietan jokatuko da sailkatze saio osoa, Leioako Udalaren laguntzaz. Inaugurazioa festa alaia izan ohi da eta kirolari guztien desfilearekin hasten da, lehiaketarako diseinaturiko jantziekin egiten dutena. Argazkian, Mundialtxoaren aurreko edizio batetako irudia /