Mundialtxoa Lamiakoko futbol zelaietan jokatzen den hilabeteetan, "bertan batzen diren pertsonen beharrizanei, garbiketari eta Gobela ibaiaren egoerari arreta gutxi eskaintzea" egotzi die
Leioako Udalari eta
BBKri
Sare Antifaxistak. Faxismoaren eta arrazakeriaren kontrako erakundeak salatu duenez, "zalantzarik ez dute integrazioaren eta kultur aniztasunaren aldeko ekimenekin bat egiten, euren buruak zuritzeko. Baina, egun horietan zehar, ehunaka lagunek, handik zein txikik, kaka eta pixa errepide bazterrean, BBKk jarritako "Solidarioa" lelopeko kartelen atzean eta aparkatutako autoen artean egin behar izaten dituzte. Horretaz gain, Txopoetak eta Lamiakok jasotako ehunaka kilo zabor garbitu barik uzten dute". Sare Antifaxistaren arabera, langile etorkinek, zaleek eta auzokideek urteak daramatzate hori guzti hori salatzen. Hala ere, udal ordezkariek zein BBKkoek "ez entzunarena" egiten dute. Gaineratu dutenez, "hedabideetan minutuak lortzea da axola zaien gauza bakarra, komunikabideek eurek egiten uzten dieten bitartean". Argazkian, Lamiakon jokatutako Mundialtxoaren partida.