Jaialdiaren lehenbiziko egunean Diane Schuur (1953, Seattle) abeslari eta piano-jolea jardungo da Algortan. “Jazzaren lehen andrea” delakoa itsua da eta belarriz ikasi zuen pianoa jotzen eta hainbat estilotan landu zuen bere ahotsa Washingtoneko Itsuentzako Musika Eskola ospetsuan. Stan Getz artista famatuak Etxe Zuriko talentu berrientzako musika-ekimenerako bildu zuen eta ordutik hona ohiko agertoki bilakatu da AEBetako presidentearen egoitza Schuurrentzat. 1986an ospe handia lortu zuen lehenengo aldiz “Timeless” diskoarekin eta Grammy sari bat eskuratu zuen. Hurrengo urtean beste bat irabazi zuen, Count Basie Orchestrarekin grabatutako lanaren eskutik. Azken lana “Some Other Time” du, bere amaren omenez grabatutako diskoa, hain zuzen ere.
Karibeko doinuak
Biharamunean, hilak 2, ostegunean, Omar Sosa (1965, Camaguey, Kuba) ariko da Afreecanos Quartet taldearen buruan. Musikari kubatarra musikaren hainbat arlotan trebea da: musikagilea, produktorea, perkusio-jolea eta zenbait taldeko liderra. Bere latin jazzeko erritmoetan munduko musiken hainbat doinu uztartzen ditu egungo musika elektronikoarekin eta bere afrikar eta kubatar sustraien eraginekin kale-musika freskoa eta originala lortze aldera. Sosak 17 disko grabatu ditu eta beste 10 lanetan parte hartu du kolaboratzaile gisa. Bere jardueran zehar Grammy Sarietan izendatua izan da zenbait aldiz.
Jaialdiaren erdibidean, ostiralean, hilak 3, Michel Camiloren (1965, Santo Domingo, Dominikar Errepublika) txanda izango da. Musikaria 2002an jardun zen Getxon, arrakasta handia lortuta eta berriro ere dator jaialdi algortarrera. Teknika handiko piano-jolea eta musikagile ospetsua, Erritmo latinen eragina nabarmena da bere musikan. Bere jaioterrian abiatu zen musikan Camilo eta, 1979tik aurrera, New Yorken osatu zuen bere heziketa Juilliard eta Mannes eskola ospetsuetan. Ordutik hona, artistak leku gorena lortu du jazzaren panoraman, ospe handiko sariak lortu ditu, Grammya, esaterako eta hainbat estilotako artistekin jardun da.
Uztailaren 4an, larunbatean, Spyro Gyraren txanda izango da. Jazz-fusio banda hori 70eko hamarkadako hasieran sortu zen Buffalon, New Yorken, 25 disko baino gehiago grabatu ditu eta 10 milioi kopia saldu ditu. Jazzaren talderik emankorrenetariko bat da Spyro Gyra eta arrakasta komertzial handia lortu du bere jardueran. Besteak beste, rhyth&blues, funk eta pop doinuak uztartzen ditu bandak jazzarekin eta bere abesti arrakastatsuenen artean "Shaker Song" eta "Morning Dance" aipatu behar dira. Garrantzi handiko abestiak dira herri-jazzaren arloan eta, nahiz eta 30 urte baino gehiago izan, oraindik entzun daitezke sarritan.
Azken eguna
Getxo Jazzek 2010era arte agur esango die igandean entzuleei egundoko bikote baten eskutik: Paquito D'Rivera eta Chano Dominguez. D'Rivera (1948, Marianao) saxo-jole, klarinete-jole eta musikagile kubatarra, jazz latinoaren estiloko musikaririk handienetako bat da. 1965ean musikari birtuosoa zen eta Kubako Orkestra Sinfoniko Nazionalean egin zuen debuta eta, urte horretan, Orquesta Cubana de Musica Moderna taldea eratu zuen Chucho Valdes piano-jolearekin. Ondoren, beste artista famatu batzuekin, Irakere taldea sortu zuen, Kubako musikaren mito bat, hain zuzen ere. Bere herria utzi eta AEBetara alde egin zuen eta, harrez geroztik, bere jarduerak gora egin du. Horren erakusle dira lortu dituen Grammy sariak. Chano Dominguez (1940, Cadiz), flamenko-jazzaren artista handien artean dago. Piano-jole andaluziarrak estilo horren palo guztiak jorratzen ditu, beti ere jazz egiturak mantenduta. Gaur egun, Dominguez jazz espainiarraren musikari ospetsuenetako bat da.
Agertokiak
Urtero bezala, jaialdiak lau kontzertu mota izango ditu. Biotz Alai plazan taldeen lehiaketako emanaldiak egingo dira, 21:30ean. Ondoren, egun bakoitzeko talde eta musikari nagusiak aterako dira agertokira. Bestalde, “Hirugarren Milurtekoa Ataleko” kontzertuak Getxo Antzokiko plazan egingo dira. Bertan, jazz talde gazteek musika mota honi ekarpenak egingo dizkiote eta euren freskotasuna erakutsiko digute. Azkenik, Algortako Geltokia plazan Dixie Gunearen saioak izango dira egunero, 18:00etan.
Laburbilduz, Getxoko Kultur Etxeko iturrien arabera, “Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 33. edizio honetan nazioarteko artistarik onenetako batzuen emanaldiak prestatu ditu. Aldi berean, ordea, artista berriei publiko handiaren aurrean agertzeko aukera eskaintzen diegu. Estilo ezberdinetako talde eta artistak etorriko dira Getxora, guztira hamabost emanaldi eskaintzeko, jam sessionak ahaztu gabe, Algortako Piper's Irish Pub-ean egingo direnak, Biotz Alai plazako emanaldiak bukatutakoan. Bost egunez, jazzaren soinuek Bizkaiko herri honetako kaleak beteko dituzte, musika onaren zaletu guztientzat lehen mailako topagune bihurtuz”.