Euskaraz irakurtzea atsegina dela erakutsiko du Berbotsek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 22a, 19:41

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren hirugarren edizioa aurkeztu du gaur Bilbon. Euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratzeko asmoz sortu den ekimena Hego Euskal Herriko 21 herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker; horien artean Berbots! Erandion Euskaraz taldea dagoela. Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpaina, bihar bertan, apirilaren 23ko Liburuaren Nazioarteko Egunean hasiko da. Katalanek Diada de Sant Jordi delakoa ospatzen dute egun horretan, elkarri arrosak eta liburuak oparituz. Amaiera, berriz, uztailaren 24an izango du: "izan ere, uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak iruditu zaizkigu liburu trukea sustatzeko", Topaguneko arduradunek adierazi dutenez. Aurrekoetan bezala, ekimenak bere webgune propioa dauka aurten ere. Bertan, liburu bakoitzaren inguruko iruzkin txiki bat aurkituko du irakurleak, eta gainera, beste webguneetan argitaratutako biografiak, bibliografiak, kritikak eta abar ikusteko loturak. Horrela, irakurleek aukera izango dute aukeratutako liburuen inguruko iritzi trukea egiteko. Hori guztia honako helbide honetan dago eskuragarri: www.topagunea.org/irakurri. Argazkian, ezkerretik hasita, Manuel Moreno (Topagunea), Ione Narbaiza (Berbaro) eta Lutxo Egia, gaurko aurkezpenean.

"Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratu nahi izan dugu: euskararen erabilera gozagarria sustatu nahi du Topaguneak, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez", azaldu dute Euskara Elkarteen Federazioko arduradunek. Baina, bide batez, "oso garrantzitsuak" diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez: batetik, euskara elkarteetako bazkide diren euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea. Bigarren, era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea. Eta azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.

Irakurri

Iazko esperientzian eta balorazioetan oinarrituta, aldaketa batzuk izan dira egitasmoaren funtzionamenduan, prozedura errazte aldera, Topaguneak zehaztu duenez. Kanpainaren beraren izenak dioenez, irakurtzea da lehenengo pausua; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea da lehenengo urratsa. Kanpaina dirauen bitartean, euskarazko liburua hartzen duen bakoitzak orri-markatzaile bat jasoko du opari, ekimenean parte hartu zein ez. Horretarako, 25.000 markatzaile egin ditu antolakuntzak. Zein liburu aukeratu ez dakitenentzat, adinaren arabera sailkatutako ehun liburu gomendatzen dituen zerrenda bat egongo da eskuragarri. Zerrenda hori iazkoan oinarrituta egin dugu, sei liburutegitako arduradunek proposatutako aldaketak eta eguneraketak eginez. Oraingoan ere, ehun liburuetatik 90 berberak izango dira leku guztietan, eta beste hamarrak aldatu egingo dira herri batetik bestera, tokian tokiko interesen arabera.

Gozatu

Liburua irakurritakoan, liburutegiari bueltatu, noski, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun… Fitxa hori beteta, liburuzainak deskontu txartela emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Oparitu

Azken pausua, iaz bezalaxe, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari… edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, %25eko deskontua izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erosterakoan, (%50ekoa Euskara Elkarteko kidea izanez gero).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun